Disco Elysium-ekin antzekotasun handiak dituen titulua prestatu du Christoffer Bodegård garatzaileak Steam plataforman: erabateko askatasuna duen klerikoa izango gara.

Pertsonaia sorta zabala, konspirazioak, fantasiazko mundua eta umore mordoa agintzen dituen CRPG obra argitaratu du Raw Fury argitaletxeak: Esoteric Ebb.

“Bilakatu kondairetako klerikoan, edo kanpaina zeharo izorra ezazu”, azaltzen du Christoffer Bodegård sortzaileak. Izan ere, Disco Elysium estiloko ikuspegi isometrikodun abentura proposatzen du Esoteric Ebbek: dado jaurtiketak, hizketaldi ugari, erabakiak, porrotak zein garaipenak biziko dituzte jokalariek.

Norvik hiriko zokorik ilunenetatik hasita, askotariko fakzioak eta pertsonaiak ezagutuko ditu gure protagonistak: gure esku egongo da hauen lagun egitea, etsai, edo, bestela, bata bestearen aurka jartzea. Dadoan sinesteko esaten digute, baina, gure estatistiken arabera, klerikoaren buruko ikuspuntu desberdinak nagusituko eta gailenduko dira, sarritan egoera zoroak abiarazita.

Horri guztiari magia erabiltzen dakigula gaineratu behar zaio: hildakoekin hitz egitea edo beste pertsonaiak kontrolatzea, ez dago mugarik mahaijokorik zirraragarrienak eta dibertigarrienak ardatz hartzen dituen bideojokoan: “Bilaka zaitez mahaiko jokalaririk interesgarrienean eta izorratu zure maizterraren eguna”. Txandakako borrokak ere biziko ditu klerikoak. Iratxo laguntzailearekin batera gizakiak, piztiak nahiz munstroak garaituko ditugu… baina, beste behin, dadoaren menpe egongo gara.

Mahaijokozaleek zein Terry Pratchett idazlearen istorioen jarraitzaileek bai ala bai probatu beharreko bideojokoa, beraz