Beta fasean hasi dituzte lehen frogak. Zortzi gidari batera aritu ahalko dira enpresa berberarentzako enkarguak egiten.

Azken hamarkadan jokalarien artean hedatutako generoetako bat da simulagailuena. Hegazkinen eta espaziontzien simulagailuak ohikoenak diren arren, era guztietako proposamenak daude: nekazaritza, trenak, presondegiak… eta guzti horien gainetik, kamioienak. Euro Truck Simulator 2 eta American Truck Simulator arrakastatsuak jokalari bakarrarentzako esperientzia lasaiak izan ohi dira, baina orain adiskideekin gozatzeko aukera eskainiko dute SCS Softwareko garatzaileek.

Beta fasean argitaratu dute Convoy izeneko joko mota American Truck Simulatorrentzat; Europako jokoak aurrerago jasoko du ezaugarri berbera. 1.41 bertsioak zortzi jokalari partida berberan ibiltzeko aukera ematen du: zirkulazio eta eguraldi egoera bateratuak ikusiko dituzte modu horretara.

Gainera, enpresa batentzako lanak elkarrekin egin ahal izango dituzte gidariek. Komunikatzeko aukera ezberdinak emango dituzte garatzaileek: erantzun azkarrak bidali eta jokoaren txata erabili ahal dira, baina horrez gain irismen laburreko irratiarekin komunikatu ahalko dira, errealismo maila areagotzeko. Zoritxarrez, beste jokalarien kamioien soinuek ez dute oraindik funtzionatzen.

Izan ere, esan bezala beta fasean argitaratu dute multijokalaria, beraz hainbat akats agertu daitezkeela nabarmendu dute garatzaileek. Modak aktibatuta jokatzea ezinezkoa da momentuz, eta bi jokoak batzen dituen World of Trucks ezaugarria desaktibatuta dago lagunekin jokatzerakoan. Gainera, mapa berberan egotea eskatzen du prestatzen ari diren joko motak, eta kokalekuetako hainbat elementu berezi gaineratu gabe daude oraindik.

 

Are ezaugarri gehiago

Multijokalaria ez da 1.41 eguneraketak dakarren hobekuntza bakarra. Kaliforniako estatuaren mapa hobetu dute, bidaia azkarrerako aukerak gehitu eta argazkiak ateratzeko ezaugarriak hobetu dituzte.

Beta bertsioa aktibatzeko Steamen jokoaren ezaugarrietara sartu eta bertan 1.41 Update Experimental Beta (Convoy) deitutako beta jaitsi beharko dute. Hobekuntza eta aldaketa guztiak estudioaren webgunean irakurri daitezke.

Euro Truck Simulator 2ra eta American Truck Simulatorrera euskara hutsean jokatu dezakete PCko jokalariek; jokoen menuko hizkuntzen atalean aurkituko dute joko guztia euskaratzeko aukera. Euskaraz jokatu daitezkeen bideo-joko gehiago ezagutu nahi badituzu, pasa zaitez Game Erauntsiaren euskaratutako jokoen zerrendatik.