Paradox Tinto talde bartzelonarra bost urtez ibili da garatzen. Oraindik ez dauka argitaratze datarik.
Europa Universalis estrategia saga maitatuak bosgarren atala iragarri du ofizialki. Europa Universalis V izenpean, diplomazia, ekonomia zein sistema militarra eraberritzera etorriko da.
2013an argitaratutako EU IV garatzeaz arduratu zen Bartzelonako Paradox Tinto izango da, beste behin, sortzaile nagusia. Diotenez, orain bost urte hasi ziren garapenarekin; hori dela-eta, prestatutako berritasun guztiak aditzera emateko ordu erdiko bideo sakona prestatu dute.
Premisa orokorra ohikoa izango da, hori bai. Nazio bat hautatu eta hau hedatzeaz arduratuko gara, urteak nahiz aroak irauteko helburuarekin. Ehundaka herrialderen artean aukeratu beharko dugu, 1337. urtetik, Erdi Arotik, abiatuta Aro Garaikidearen lehen urteetara iristeko.
Horrela, benetako historia zein guk erabakitako jazoerak jarraitzea proposatzen digute. Gure nahiz inguruko herrialdeen patua bideratuta era guztietako gertakariak ikusiko ditugu: gure esku egongo da, nahi dugun bidea hartuta, hauei aurre egitea.
Anbizio handiko berrikuntzak eta hobekuntzak agintzen dituzte garatzaileek: mapa handiagoa, ehundaka jazoera historiko eta oinarrizko mekanikentzako aldaketa sakokonak datoz.
Tamalez, oraindik ez digute kaleratze datarik zehaztu. Laugarren jokoaren salmenta datu zehatzak ezezagunak diren arren, ideia orokorra osa dezakegu: 2021. urtean bi milioiak gainditu zituztela adierazi zuten Paradoxetik, baina, azken urteotako beherapenei esker, bost milioi erabiltzaileak pasa dituztela kalkulatzen dute zenbait adituk.
Ez hori bakarrik, Europa Universalisek —zein Paradoxen gainerako tituluek— jasotzen dituen espantsio eta eduki gehigarri kopuru erraldoia nabarmendu beharra dago: EU IVk, adibidez, 33 DLC biltzen ditu Steam plataforman.
Europa Universalis V PCrako estreinatuko da etorkizunean.
Iruzkinak