Bideojoko garatzaileak eta beren lanak, musikagileak, artistak, garatzaileak edo itzultzaileak batu dira Bilboko La Perrera espazioan.
Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiak IX. edizioa ospatu du. Alor desberdinetako adituen hitzaldiek eta gogoetek hartu zituzten jardunaldiak, beti bezala; aurtengo ekimenean, baina, euskal bideojokoen azokak etxeko industriak bizi duen egoera osasuntsua aditzera eman zen.
Larunbat osoko ekitaldi handia bideratu zuten Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa jasota. Egoitza berria estreinatu zuen, gainera, Jokotekniak: Bilboko La Perrera espazioan aurtengo berritasun guztiak eta eskaintza zabala elkartu ziren.
Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendaria eta Lander Unzueta Game Erauntsia Elkarteko kidea arduratu ziren Jokotekniara hurreratu ziren zaleak agurtzeaz, ondoren hitzaldiei zein azokari hasiera emateko.
Azoka, ezagutzeko eta probatzeko
Bideojokoen erakustaretoak hamasei sortzaile, estudio eta eragile elkartu zituen: Zomorro Studio, Hazi digitala, Basajaun Games, Curly Studios, Ekialdeko estudioa, Guda Laia estudioa, Pilotakada, Alkimo Interactive, Seed by Seed, Gaua Games, Potma eta Munstro hurreratu ziren Jokotekniara.

Horiekin batera ibili ziren Euskal Manganime Komunitateko, Rolariak Elkarteko zein Pantailak Euskarazko kideak, euskarazko bideojokoen inguruan dabiltzan beste zaletasun eta eduki batzuk zabaltzen.
Bukatzeko, Game Erauntsiatik euskarazko bideojokoen erakustaldia antolatu zen, Gamer Gela, azokara hurreratu ezinik geratu ziren obrak aditzera emateko eta garatzaileek ofizialki eskainitako tituluak nahiz zaleek edo Game Erauntsiak lokalizatutako bideojokoak probatzeko aukera bideratuta.
Giro ederrean, gazteak zein helduak hurbildu ziren azokara, Euskal Herriko garatzaileek eskaintzeko dutena ezagutzeko prest eta gogotsu. Probaldiak, galderak eta goraipatzeak egon ziren, industriaren egoera geroz eta sendoagoaren adierazle.
Industrian barneratuz
Hitzaldien aldetik, mintzaldi benetan interesgarriak batu ziren biltzarrean. Hasteko, Paula Olaz musikagileak bideojokoetarako musika konposatzeko berezitasunak jorratu zituen, denbora errealean soinu banda dinamikoak eratzeko pausoak azalduta eta tresnak erakutsita.
Josu Igoa informatikariak, bigarrenik, itzulpengintzaren eta euskaratzeen erronkak aurkeztu zituen, bere ibilbidea aditzera emanik. FEZ edo A Short Hike bezalako jokoak itzultzerakoan egindako bidea azaldu zuen, jokoak euskaraz eskaintzeko hautuan eta erabakietan sakonduta.

Hirugarrenik, Jon Juarez artistak ere ibilbide pertsonala aurkeztu zigun, artea, bizipenak eta esperientziak batuta. Bideojokoen arte kontzeptualaren munduko oinarriak azpimarratuta, zortea zein esperientzia uztartzen dituen bidea erakutsi zien bertaratutakoei.
Amaitzeko, Nestor Uriarte garatzaileak Rockstar Games taldean sortzen dabiltzan sindikatuari buruzko gakoak eskaini zituen, Grand Theft Auto VIren kaleratzerako prestatzen dabiltzan une garrantzitsuan. Langileen borrokaren hastapenak eta egungo egoera nabarmenduta, industria sindikalizatzeko beharra aldarrikatu zuen.
Aurkezpenekin benetan bukatzeko, ikasleekin ohiko mahai-ingurua antolatu genuen La Perreran. Oier Elorduy, Laia Antxutegi eta Iker Abasolo ikasleek —DigiPen Europe Bilbao zentroko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga ikastetxeko ordezkariak, hurrenez hurren— hastapenak, helburuak eta itxaropenak nabarmendu zituzten, tartean egungo zein etorkizuneko gaiei buruz hitz eginda, bideojokoen industrian lan egiteko arazoak eta hau eraldatzeko aukerak aipatuta.
Jokoteknia eragile eta erakunde askori esker da posible: bederatzigarren edizioa aurrera eramateko jasotako laguntza eskertu nahi dugu Game Erauntsia Elkartetik eta Azkue Fundaziotik. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara sailak, SPRI – Enpresa digitalak, EITBk zein DigiPen Europe-Bilbao, Harrobia eta Tartanga zentroek parte hartu dute aurtengo biltzarrean, baita arestian aipatutako estudioek eta elkarteek ere.
Eskerrik asko parte hartu zenuten nahiz hurreratu zineten guztioi. Jokoteknia elkarrekin osatzen eta elikatzen dugu, eta aurten bere beharra eta presentzia inoiz baino garrantzitsuagoak direla aldarrikatzea lortu dugu!
Lander Unzueta
Iruzkinak