Euskal bideojokogileak geroz eta gehiago dira. Industria nazioartean hazten doan heinean, gauza bera egin du Euskal Herrian, eta, horri esker, bideojokoetan lan egiten duten programatzaile, diseinatzaile, gidoilari edo musikagile gehiago daude gaur egun.

Zoritxarrez, gure inguruko garatzaile eta artista asko ezezagunak dira; horien artean industrian zeresan handia duten emakumeak daude, noski. Emakumeen Nazioarteko Egunean euskal emakume sortzaileek horren maite dugun zaletasun eta mundu honi egindako ekarpenak plazaratu gura ditu, euren lana ezagutzera emateko bide gisa.

Martxoaren 8ko artikulu berezi honetan aipatutakoak bideojokogintzan lan egiten duten emakumeetako batzuk baino ez dira: besteren bat nabarmendu gura izanez gero, gure blogean idaztera edo iruzkinetan aipatzera animatzen zaitugu!

 

Maite Martinez 

Little Keepers prototipoa garatu zuen Maite Martinez altsasuarrak Atabey Creations taldearekin batera: Steam plataforman doan joka dezakegun tower defense erako bideojoko kooperatiboa da. Oli eta Dalia haurren kontrola hartuta, euren etxea landare beldurgarriengandik babestu beharko dugu.

Tituluaren diseinuaz arduratu zen Martinez, baina bere lana ez da bukatu oraindik; izan ere, doako obra txikia zena bideojoko osoan bilakatzeko lan egiten dabil une honetan.

 

Jasone Irastorza

Game Erauntsian hainbat aldiz aipatu dugun Main Loop talde bilbotarreko sortzaileetako bat da Jasone Irastorza. Hori horrela, estudioaren bideojoko guztien garapenean parte hartu du, gidoilari lanak eginez: bere ibilbidean Submersed, Itadaki Smash —lehen bi hauek, euskaraz!— nahiz Ninja Kidz: Time Master tituluak aipa ditzake.

Gaur egun bere lehen bideojokoaren jarraipena prestatzen dabil, gainera. Submersed 2 – The Hive da Irastorzaren hurrengo proiektua.

 

Yas Goiburu

Iaz Emakumeen Nazioarteko Egunean argitaratutako artikulu berezian aipatu genuen Yas Goiburu, eta, egia esan, egindako lanagatik berriz ekartzea merezi du diseinatzaile eta animatzaileak. Irastorzarekin batera Main Loop taldean ibilitakoa da, eta, horrez gain, Bilboko Relevo zein Crevice Games estudioen proiektuak sortu ditu Goiburuk.

Hori horrela, Treasure Rangers ederrarekin sartu zen bideojokoen munduan, ondoren Waves Out! dibertigarriaren garapenean parte hartzeko. Itadaki Smash beat ‘em up koloretsuko pertsonaiak bereak dira, baita euskaratzea ere: berari esker joka dezakegu gure hizkuntzan.

 

Leire Elola

Iruñera joan behar gara Leire Elola aurkezteko. Artista kontzeptuala bere lehen bideojoko profesionalean lan egiten ari da une honetan: Team Panda galegoarekin batera Azra izeneko metroidvania titulua eratzen dabil. Pixel art estetikarekin begietatik sartzen den abentura horietakoa.

Aurretik, gainera, Bilboko TLR Games estudioaren aterpetik igarotako arista da Elola.

 

Naia Gabilondo

Euskal Game Jam-aren lehen edizioan ezagutu genuen Naia Gabilondo, eta, halere, aurretik bere jokoaren berri izandakoak ginen: doako Cat-Aclysm dibertigarriaren artistetako bat da donostiarra.

Esan bezala, Game Erauntsiak antolatutako game jam ekimenean parte hartu zuen Gabilondok, eta hortik beste proiektu txiki bezain interesgarria jaio zen: Azenarioa abentura izeneko endless runner dibertigarria sortu zuen Laura Romero taldekidearekin.

 

Alba Rodriguez

Bukatzeko, Game Erauntsian zenbaitetan aipatu dugun Alba Rodriguezen ibilbidea nabarmenduko dugu berriro. Sortzaile barakaldarrak 3D animazio estudioetan hasi zuren ibilbide profesionala, baina Creative Assembly talde ezagunarekin batera eman zituen lehen pausoak bideojokoen munduan.

Total War estrategia saga ospetsuan lan egindakoa da Rodriguez: zehazki, 2021. urtean argitaratutako Total War: Troy tituluan animatzailea izan zen. Creative Assemblyren Bulgariako egoitzan hasi ondoren, gaur egun estudiosak Erresuma Batuan daukan estudioan egiten du lan.

 

Erlazionatutako edukiak:

Emakumeak bideojokogintzan: gure jokorik gogokoenak eratu dituzten sortzaileak

Emakumeak bideojokoetan: industriako izenik ezagunenak errepasatuz

Ezagutu itzazu Twitchen streameatzen duten emakume euskaldunak