48 orduz eratutako lanak hiru kategorien artean baloratu dituzte partaideek: aurkezpena, dibertigarritasuna eta originaltasuna.

Euskal Game Jam 2 topaketak euskal garatzaileek elkar ezagutzeko eta bideojokoak sortzerakoan dakitena agerian jartzeko balio izan du. Lanak bukatuta, baina, sortutakoak baloratzeko unea iritsi da, eta botorik gehienak puzkerrak protagonista dituen jokoak eraman ditu: Zomorro Studio-ren Fart Starter berezia gailendu da EGJ2an.

4.467 puntu lortu ditu Ibai Aizpuruak bakarka prestatutako puzzle —puzzler?— jokoak. Plastilinaz eratutako pertsonaien xarmak EGJ2ko partaideak maitemindu dituela agerikoa da, baina ideia sinple batetik abiatutako erronka ere goraipatzekoa dela esan beharra dago.

Saguarekin jokatzeko pentsatuta dagoen titulua da Aizpuruarena. Helburua: bulegoko arduraduna gogaitzea… puzkerren bidez. Lauki sarean banatutako pertsonaien gainean sakatuz aktibatuko ditugu gas usaintsuak, eta, pixkanaka, bulegoan zehar hedatuko ditugu, nagusiarengana iritsi arte.

Hiru kategoria kontuan hartuta banatu dira puntuak: aurkezpena, dibertigarritasuna eta originaltasuna baloratu dituzte bozkatu dutenek. Fart Starter, balorazio orokorrik onena lortzeaz gain, lehen postuan geratu da originaltasunaren zein dibertigarritasunaren kategorietan.

Aurkezpenik onena, bestalde, Gaua Games talde bilbotarrak eratutako Odol Ihesa palanka bikoitzeko tiro jokoak eraman du: 4.250 puntu eskuratu ditu Ibai Macho, Gontzal Tapia eta David Pereiro sortzaileek osatutako taldeak. Laborategi misteriotsu bezain arrikustsu batetik ihesean aritzea proposatzen digu, laser pistolarekin odolez osatutako dozenaka munstro akatzen ditugun bitartean. Online sailkapen sistemarekin batera, behin eta berriz jokatzeko horietakoa dugu Odol Ihesa.

Ez da lehia izan, ordea, eta ezin gaitezke EGJ2an aurkeztutako gainerako titulu zoragarriez ahaztu: IhesaSü TxakürraitsuHitz & TwitchLoopOinaztargi eta Kondaira Borobila bi egun eskasetan —eta, luzeetan!— garatutako obra ikaragarriak dirak.

Bozketan parte hartu dutenei dagokienez, aipatutakoak sortu dituztenek baino ezin izan dituzte gainerako sortzaileen lanak puntuatu; modu horretara, lehia baino, elkarren tituluak goraipatzeko eta topaketa ospatzeko bidea izan da bozketa prozesua.

Euskal Game Jam 2a bukatutzat ematen dugu beraz, egindakoarekin harro. Milesker benetan parte hartu duzuon guztioi, eta ea 3.erako are euskal bideojokogile gehiago biltzea lortzen dugun! Hemen aurkituko duzue topaketaren inguruko informazio guztia, baita bideojokoak ere.