Urriaren 18tik 20ra egingo da Oreretako Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian zein online. Izen ematea irekita dago.
Zomorro Studiok, Game Erauntsia Elkarteak, Torrekua guneak eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak Euskal Game Jam topaketaren 2. edizioa aurkezten dugu. Bideojoko sortzaile euskaldunak batzeko zein elkar ezagutzeko, euren abileziak agerian jartzeko eta harremanak sortzera bideratutako ekimena izango da.
48 orduko epean bideojokoak sortzeari ekingo diote euskara hutsean egiten den Game Jameko parte hartzaileek. Urriaren 18an 18:00etan hasiko da sormen prozesua; bi egun igarota, urriaren 20an, proiektuak bukatuta eta itch.io bideojokoen plataforman argitaratuta eduki beharko dituzte.
Bideojokoak zein harremanak sortzeko
Bideojokogintzaren munduan horren ezagunak egin diren Game Jam ekimenak —bideojokoak epe mugatuan sortzeko helburua duten bideojokogileen topaketak— Euskal Herrira hurbiltzea bilatzen dugu; izan ere, bideojokoen garapenaren munduan murgiltzen dabiltzan euskaldunen kopuruak gorakada nabarmena jasan du azken urteotan.
Zoritxarrez, askok ez dute elkar ezagutzeko gunerik. Hori dela eta, Game Jamarekin euskal bideojokogintzako hasiberriak nahiz profesionalak elkartu gura dira, eta, aldi berean, euren gaitasunak ezagutarazi nahiz elkarrengandik ikasteko espazioa eraiki.
Espazio hori fisikoa zein digitala izango da. Oreretako Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian aurrez aurre parte hartzeko aukera dago; horrez gain, nahi duenak etxetik ekin diezaioke bideojokoaren sorkuntzari.
18 urtetik gorako bideojokogileentzat
Izen ematea abian da. Partaideek Euskal Game Jam 2aren itch.io webgunean izena eman dezakete: horretarako, itch.io erabiltzailea baino ez da behar. 18 urtetik gorako pertsona orok doan parte har dezake; halere, bideojokogintzan oinarrizko ezagutzak edukitzea nahitaezkoa da. Arau eta baldintza guztiak izen emate fitxan aurkitzen dira.
Bideojokoa bakarka nahiz taldeka garatzeko aukera dago. Gehienez bost kideko taldeak onartuko dira. Taldekideak bilatu nahi dituenak hori egiteko aukera dauka: itch.io atal berezian edo Game Erauntsiaren Discord zerbitzariko Euskal Game Jam txatean taldea sortzea proposa dezake.
Ekimen osoa euskara hutsean egingo da, eta aurkeztutako bideojokoak euskaratuta egon beharko dira. Hizkuntza gehiagotan egon daitezke, bai Game Jamean, bai honen ostean. Hori dela-eta, gutxienez talde bakoitzeko ordezkariak euskaraz hitz egiten jakitea eskatuko da.
Ez da materialik eskainiko bideojokoa sortzerako orduan: partaideek beren ordenagailuak eta tresnak erabili beharko dituzte. Gauza bera gertatzen da jokoaren baliabideekin edo asset-ekin: proiektuan agertuko diren testurak, modeloak, soinuak, eta abar norberak sortutakoak edo lizentzia askekoak izan behar dira.
Euskal Game Jamerako aproposak izan daitezkeen baliabideen eta tresnen zerrenda aurki daiteke hemen. Dena den, bestelako erremintak ere erabil daitezke, aipatutako ezaugarriak betetzen badituzte.
Bideojokoen sorkuntzari hasiera eman aurretik gai orokorra proposatuko dugu antolakuntzatik. Horri lotutako obra garatu beharko dute partaideek.
Eratu eta jokatu
Ekimena kudeatzeko, esan bezala, itch.io bideojoko plataforma erabiliko da. Partaideek bertan irekitako Euskal Game Jamaren atal berezira igoko dituzte beren lanak.
Sormen epea bukatzerakoan garatutako tituluak aurkeztuko dira. Partaideen artean bozketa abiatuko da, gainera. Beste proiektuak bozka ditzakete hainbat kategoriatan: aurkezpenik ederrena, ideiarik originalena, dibertigarriena…
Proiektuak aurkeztuta, publikoari Euskal Game Jameko bideojokoak deskargatzeko eta jokatzeko aukera emango zaio.
32 sortzaile eta hamabi bideojoko lehen Euskal Game Jamean
2023an antolatutako Euskal Game Jam ekimena “arrakastatzat” jo zuten arduradunek. 32 bideojoko sortzaile elkartu ziren: programatzaileak, artistak, diseinatzaileak zein musikagileak Bilboko Bizkaia Aretoa UPV/EHUn nahiz online aritu ziren taldeka zein bakarka proiektu desberdinak sortzen.
Guztira hamabi bideojoko aurkeztu ziren; horiez gain, proiekturen bat edo beste bukatu gabe geratu zen, edo egileek ez zuten ofizialki aurkeztu. Plataforma jokoak, tiroenak, puzzleak edo kudeatze proiektuak prestatu zituzten partaideek: egindako guztiak lehen edizioaren itch.io orrialdean aurki daitezke.
Garapen prozesuak ez du zertan Game Jamarekin bukatu behar, ordea: ekitaldian hasitako proiektu batek, gutxienez, aurrera jarraitzen du garatzaileen eskutik, bideojoko plataforma nagusietan kaleratuko den obra profesionalean bilakatuz.
Iruzkinak