23 sortzaile baino gehiago elkartu ditu urriaren 18tik 20ra. ‘Ikusezina’ gaia proposatuta, bederatzi bideojoko munduratu dituzte partaideek.
Euskal Game Jam topaketak askotan ikusezinak izaten diren etxeko bideojokogileen trebezia agerian jarri du. Bigarren edizioak bideojokoen industriak Euskal Herrian daukan indarra ezagutarazi du beste behin, eta, ez hori bakarrik, euskaraz sortzeko eta jokatzeko prest dagoela aldarrikatu du.
Elkarretaratzeak 23 programatzaile, diseinatzaile, artista eta musikagile baino gehiago bildu ditu; izan ere, izena ematerakoan badira taldean egin dutenak. Taldeka ibili dira gehienak, baina zenbaitek erronkari bakarka erantzun diote, jokoaren elementu guztiak norbere kabuz prestatuta.
Zomorro Studio-ko Ibai Aizpuruak jarritako gaiaren inguruko bideojokoak prestatu dituzte 48 orduko epean: ‘Ikusezina’ gaiari lotutako bederatzi titulu jaio dira. Hona zerrenda osoa:
Palanka bikoitzeko tiro jokoak, plataforma erronkak, isilpean aritzeko abenturak zein puzzleak aurkituko ditugu Euskal Game Jam 2ko proposamenen artean. Joko bereziagoak ere agertu dira: euskal mitologian girotutako desafioa ikusi dugu, baita Twitch plataformarekin bat egiten duen hitzak asmatzeko titulua.
Ikusezinaren ideia horrekin denetarikoak prestatu dituzte egileek: desagertzen doazen elementuak, ezkutuan ibiltzea, gizartean isilpean dabiltzan deabruak… edo puzker hilgarri bezain ikusezinak.
Garapen prozesuekin laguntzeko erabilitako tresna sorta anitza izan da: Construct3, Unity edo GameMaker bezalako garapen motoreak erabili dituzte partaideek, besteak beste.
Musikagileen eta soinu efektuen sortzaileen aldetik ikusitako jarrera nabarmendu nahiko genuke, gainera. Aurreikusitakoak baino gehiago etortzeaz gain, jokoak eratzen ibili direnei eskua luzatu diete, euren lanetarako doinuak eta soinuak prestatzea proposatuz.
Hori da, hain zuzen ere, Euskal Game Jamarekin bilatzen genuena: euskal sortzaileak ezagutzea nahiz elkarrengandik ikastea, modu horretara, Euskal Herrian bideojoko industria sendoarentzako tokia dagoela aldarrikatzeko.
Euskaraz garatutako jokoak izanik, gainera, Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendara gehitu ditugu. Iaz sortutakoak ere bertan aurki ditzakezue.
Sortutakoak probatzeko unea da orain: EGJ2aren Itch.io atal berezian aurkituko dituzue argitaratutako bideojoko guztiak. Batzuk nabigatzaile bidez joka daitezke zuzenean; beste batzuk, ordea, jaitsi egin beharko ditugu.
Game Erauntsia Elkartearen zein Zomorro Studioren, Torrekua gunearen eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren aldetik eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin parte hartzera animatu diren sortzaile guztiei. Gehienak online aritu dira asteburuan, Discord bidez komunikatuz elkarrekin koordinatzeko. Gure pozerako, hainbat Oreretako Badalabera hurreratu dira presentzialki parte hartzeko, eta giro ederrean ibili gara.
Sortzaileen arteko bozketa
Ohi bezala, sormen epea bukatzerakoan bozketa fasea hasi dugu. Publiko orokorrak ezin dezake parte hartu; horren ordez, EGJ2an sortzen aritu direnek gainerakoen lanak baloratuko dituzte.
Hiru kategoria desberdin prestatu ditugu bozkaketa sistemarako: aurkezpenik ederrena, ideiarik originalena eta jokorik dibertigarriena puntua dezakete partaideek. Zenbaitek botoa eman dute dagoeneko, eta lehenengo balorazioak ikus ditzakegu joko bakoitzaren fitxan.
Beste behin, eskerrik asko EGJ2a posible egin duzuen guztioi! Topaketa arrakastatsua izan da: giro ezin hobean euskarazko bideojoko ikaragarriak sortu dituzue. Harro egon eratutakoez, eta presta zaitezte Euskal Game Jam 3rako!
Iruzkinak (2)
Ibai Aizpurua 2024ko urr. 22a, 17:43
Artikulu eta lan ederrak! Ea noiz antolatzen dugun Euskal Game Jam 3!
Lander Unzueta 2024ko urr. 24a, 10:57
Milesker, Ibai! Gogotsu hurrengorako, aurtengoaren emaitzak ikusita :D