Eibarko UniEncounter ekimenarekin bat egingo dute Game Erauntsia Elkarteak zein Zomorro Studio taldeak. Presentzialki zein online parte har daiteke.
Game Erauntsia Elkarteak, Zomorro Studiok eta UniEncounter ekitaldiak Euskal Game Jam topaketaren 3. edizioa aurkeztu dute. Martxoaren 20tik 22ra bitartean Euskal Herriko bideojoko sortzaileak bilduko ditu euskarazko bideojokoak garatzeko helburua jarrita.

48 orduko epean ariko dira lanean partaideak. Sortzaile hasiberriei zein profesionalei zuzendutako topaketak dira Game Jamak: programatzaileak. artistak, musikagileak edo gidoilariak elkartzeko ekimenak. Euskal Game Jamak, bestalde, bideojokogile euskaldunen artean sinergiak eragitea, elkarrengandik ikastea eta harremanak bideratzea bilatzen du.
Eibartik nahiz etxetik
Hirugarren EGJ topaketa Eibarren egingo da, UniEncounterraren aterpean. Uni Eibar-Ermua zentrora hurreratzen direnak hitzaldiez, tailerrez eta jarduerez gozatzeko aukera edukiko duten bitartean —baita bideojokoetan aritzekoa—, Euskal Game Jameko partaideak lanean ibiliko dira. Halere, beti bezala, online parte hartu ahalko da.
Martxoaren 20an 18:00etan ekingo zaio sormen prozesuari; bi egun beranduago, martxoaren 22ko 18:00etan, bukatuko da.
Bideojokoa bakarka nahiz taldeka garatzeko aukera dago. Gehienez bost kideko taldeak onartuko dira. Taldeak unean sortzeko aukera dago, aurreko edizioetan egin den modura: Game Erauntsiaren Discord zerbitzariko Euskal Game Jam txatean taldea sortzea proposa dezake.
Bideojoko euskaldunak
Euskal Game Jamaren berezitasuna hizkuntza aldetik dator: sortuko diren bideojoko guztiak euskaraz egotea eskatzen zaie parte hartzaileei Hizkuntza gehiagotan egon daitezke, bai Game Jamean, bai honen ostean. Horren ondorioz, gutxienez talde bakoitzeko ordezkariak euskaraz hitz egiten jakitea eskatuko da.
Ez da materialik eskainiko bideojokoa sortzerako orduan: partaideek beren ordenagailuak eta tresnak erabili beharko dituzte. Gauza bera gertatzen da jokoaren baliabideekin edo asset-ekin: proiektuan agertuko diren testurak, modeloak, soinuak, eta abar norberak sortutakoak edo lizentzia askekoak izan behar dira.
Bideojokoen sorkuntzari hasiera eman aurretik gai orokorra proposatuko da antolakuntzatik. Gaiari lotutako obra garatu beharko dute partaideek. Aurreko bi edizioetan ikusezina zein eraldatu, bihurtu gaiak izan ziren ardatz.
itch.io bideojoko plataformatik kudeatuko da topaketa bere osotasunean. Martxoaren 22ko 18:00etatik aurrera, Euskal Game Jameko bideojokoak deskargatzeko eta jokatzeko aukera edukiko du nahi duenak itch.iotik.
Izan ere, partaideek bertan irekitako Euskal Game Jamaren atal igoko dituzte beren lanak. Sormen epea bukatzerakoan garatutako tituluak aurkeztuko dira. Partaideen artean bozketa abiatuko da, gainera. Beste proiektuak bozka ditzakete hainbat kategoriatan: aurkezpenik ederrena, ideiarik originalena, dibertigarriena…
Aurreko edizioak
Lehen bi Euskal Game Jametako partaidetzarekin, guztira 21 bideojoko argitaratu dira ekimenaren aterpean. Guztiak itch.io webgunean aurki eta proba daitezke —hemen lehenengoan zein bigarrenean argitaratutakoak—: zenbait, gainera, lantzen jarraitu dituzte garatzaileek, hobekuntzak eta ideia berriak gehituta.
Elkarlan zoragarriak ikusi ziren bietan. Bakarka joan, eta taldea eratu zuten garatzaileak edo hainbati laguntzen ibiltzen ziren musikagileak egon ziren, antolatzaileek bilatzen dutena lortuta; hau da, bideojokogile euskaldunek elkar ezagutzea eta egiteko gai direna aditzera ematea, aldi berean, bata bestearengandik ikasita.
Ez dago aitzakiarik, hortaz: bideojokoak sortzen ikasteko zein zure trebezia agerian jartzeko bidearen bila bazabiltza, parte hartu Euskal Game Jam 3an!

Lander Unzueta
Iruzkinak