37 partaide batu dira aurten Eibarren: guztira, hamabost bideojoko argitaratu dira ekimenaren aterpean. Itch.io plataformaren bidez joka daitezke.
Euskarazko bideojokoen sormena sustatzea helburu duen Euskal Game Jam 3 topaketa burutu da. Asteburuan, 48 orduz, garatzaile eta artista euskaldunek joko proiektuak hasi eta bukatu dituzte, beren trebezia eta gaitasunak aditzera emanda.
Eibarko Uni Eibar-Ermua ikastetxetik zein etxetik aritu dira aurtengo edizioan izena eman duten 37 partaideak. Ohi bezala, programatzaileak, 3D modelatzaileak nahiz marrazkigileak batu dira, baita diseinatzaileak, musikagileak, gidoilariak zein itzultzaileak ere. Taldean aritu dira zenbait —gehienez bost pertsonako taldeak osatzeko aukera egon da—, baina batzuek bakarka sortzeko erronkari ekin diote.
Denboran barrena
Urte honetako gaia denbora izan da: ideia horri lotutako mekanikak eta proposamenak garatu behar izan dituzte egileek. Laguntzeko, tresna sorta zabala erabili dute: Godot, Construct, GameMaker, Unreal Engine edo Unity bezalako garapen motore ezagunekin batera, Audacity, Photoshop, Krita eta bestelako programak izan dituzte eskura ordenagailuetan.
Buru-belarri lanean ibili ondoren, hamabost bideojoko argitaratu dituzte EGJ 3aren itch.io webguneko orrialdean. Hemen esteka guztiak:
- Barik-barik
- Hil-tzulera
- Denbora Lapurtzea
- Touhot
- Isilpeko Ordua
- Pixka bat berandu
- Joan Aurretik
- Mantsoki azkar
- Borroka
- Tempus Fugit
- KUKUA
- Digimotchi
- Suaren Ahotsa
- Sokutogeri
- Harrijasotzailea
Hirugarrenean plataforma abentura koloretsuak, tamagotchi eta digimon gailu zaharren estiloko izaki kudeatzaile ederrak, puzzle joko irudimentsuak, danmaku erako tiroen infernu zitalak, borroka titulu frenetikoak edo estrategia proposamen itzelak eratu dituzte sortzaileek, esan bezala, denboraren ideia kontuan edukita.
Gaiarekin batera, eskaera bakarra egin zaie garatzaileei: bideojokoak euskaraz egotea. Euskal Herriko bideojoko sortzaileen egoera ezagutzera eman, eta euskal sortzaileak ezagutzea nahiz elkarrengandik ikastea bilatzen du EGJ topaketak. Eibarren nahiz prestatu dugun Discord zerbitzarian ideiak partekatzen eta elkarri laguntzen aritu dira asteburuko sortzaileak, giro ederrean.
Hau esanda, joko guztiak Game Erauntsian euskarazko bideojokoen zerrendara gehitu direla aipatu beharra dago, ohi bezala. Hemen aurkituko dituzue, gainera, lehenengo zein bigarren Euskal Game Jam topaketetan sortutako tituluak.
Lanez gozatzen eta baloratzen
Sormen prozesuari amaiera eman bazaio ere, EGJ 3a ez da guztiz bukatu; izan ere, atzo arratsaldean bozketa faseari hasiera eman zitzaion. Hiru kategoria desberdin daude: aurkezpenik ederrena, ideiarik originalena eta jokorik dibertigarriena puntua dezakete partaideek.
Publiko orokorrak ezin dezake parte hartu: EGJ 3an sortzen aritu direnek gainerako kideen lanak baloratzea da ideia. Igandean itxiko da bozketa epea, eta kategoria bakoitzeko irabazleak ezagutuko ditugu; halere, asmoa ez da txapeldunak edo garaileak izendatzea, gainerakoek egindako lanaz gozatzea eta ideiak goraipatzea baino.
Fase honetan, garatzaileek ezingo dituzte bideojokoak eguneratu. Gogoratu 48 ordu baino gutxiagotan sortutako proiektuak direla, beraz, akatsak eta arazoak ohikoak izango dira. Jamean lortutakoak izango dira baloratzekoak, baina, bozketaren ondoren, jokoak nahi bezala gaurkotzeko, txukuntzeko eta hobetzeko aukera daukate egileek.
Game Erauntsiaren aldetik, milesker bihotzez aurtengo ekimenean parte hartzera animatu zareten guztioi! Benetan eskertzen dugu baita Zomorro Studio-k, UniEncounter-ek, Uni Eibar-Ermua zentroak nahiz Eibarko Udalak eskainitako laguntza: hauek guztiak gabe ezinezkoa izango litzateke EGJ 3a antolatzea!
Lander Unzueta

Iruzkinak