Bizkaia Aretoa UPV/EHUn elkartu dira garatzaileak, baina online parte hartu dutenak ere egon dira: 32 sortzaile bildu ditugu.
Lehen Euskal Game Jama bukatu da. Amaitu, baina bertan sortutakoez gozatzea ahalbidetuz: partaideek bakarka edo taldeka aritu ondoren garatutako tituluak argitaratu dituzte.
Plataforma jokoak, tiroenak, puzzleak, kudeatze lanak edo soinu efektuen tresnak. Denetarik egon da jamean. Partaideei ezarritako baldintza bakarra: euskaraz jokatu ahal izatea! Hamabi titulu daude Euskal Game Jamaren itch.io orrialdean. Hauexek dira izenak:
- Arimen Gaua
- Bizitzabaltzen
- Gauekoen Oldarra
- KirikiGO
- Kolore
- Katu kontuak
- Nazka
- Azenarioa Abentura
- Hizki2Hitz
- Etxea
- Katarsi
- KlaustroFobia
Guztira 32 egile ibili dira jo eta ke sortzen, partekatzen zein gozatzen. Jokoak sortzeko bi bide eduki dituzte egileek. Alde batetik, Bilboko Bizkaia Aretoa UPV/EHUn batu dira hainbat, presentzialki parte hartuz; bestetik, online aritzeko aukera egon da.
Ostiral arratsaldean Ibai Aizpurua Zomorro Studio taldeko sortzaileak Euskal Game Jamaren gai nagusia ezarri zuen: “Eraldatu, bihurtu”. Hortik aurrera, parte hartzaileek ideia nagusi hori hartuta igande arratsaldera arte izan dute proiektuak zerotik abiatzeko; alegia, 48 orduko epemuga.
Proposatuko gaia oso orokorra izanik —sortzaileei eroso sentiarazteko helburuarekin— talde bakoitzak berezko ideiak eta mekanikak prestatu ditu, betiere eraldaketak ardatz hartuta. Botereak lortzen doazen buru birakariak, etxe aldaketak, emozioak, edabeekin itxuraldatutako bezeroak, munstroek pozoitutako lurrak eta gehiago ikus ditzakegu argitaratutako lanen artean.
Horiek sortzeko informatikariak, marrazkilariak eta musikagileak batu dira. Profil desberdinetako jendea ikusi dugu jamean, bi arrazoik elkartuta: bideojokozaletasunak eta euskaltzaletasunak.
Itch.io plataformako Euskal Game Jamaren atal berezian aurkituko ditugu bideojoko guztiak. Jokoaren arabera nabigatzailetik ibil gaitezke zuzenean —mugikorretik jokatzeko aukerarekin—; kasu batzuetan, baina, deskargatu egin beharko ditugu gure ordenagailuan jokatzeko.
Sormen epea amaituta, bozkaketa fasea hasi da. Parte hartu dutenek gainerakoen lanak baloratzeko aukera daukate aste bukaerara arte, hiru kategorien artean bozkatuz: aurkezpenik ederrena, ideiarik originalena eta jokorik dibertigarriena.
Zomorro Studiok, Game Erauntsia Elkarteak eta UPV/EHUk elkarrekin antolatutako ekimena arrakasta hutsa izan dela nabarmendu behar dugu antolakuntza taldetik. Sortzaileak gogor ibili dira euren bideojokoak garatzen.
Garrantzitsuena, baina, elkarlana eta partekatzeko gogoa izan dira: arazoei aurre egiteko laguntza nagusitu da taldeen zein partaideen artean. Bideojoko bat sortzea helburuetako bat da, ados, baina Euskal Game Jama ikasteko nahiz irakasteko eta Euskal Herriko bideojokogileak elkartzeko gunea izateko jaio zen, euskara sustatzeko ahaleginarekin batera.
Erronkari Bilbon ekin diotenek elkar ezagutzeko eta harremanak sortzeko aitzakia ezin hobea izan dute, noski; hala eta guztiz ere, Internet bidezko partaideek ere taldetxoak sortu dituzte, elkarlanean sortzeari ekinez lagunekin zein ezezagunekin.
Harro eta pozik gaude lortutakoarekin. Giro bikainean ibili gara partaideei esker; gainera, Euskal Herrian bideojokogintza hartzen ari den indarra agerian jarri dugu guztion artean.
Aurtengo jama behar bezala ixtea geratzen zaigu orain; hori eginda, hurrengo ekimenari begira jartzeko ordua iritsiko da.
Eskerrik asko parte hartu eta antolakuntzan lagundu duzuen guztioi. Zuoi esker Euskal Game Jama zoragarria izan da!
Iruzkinak (1)
Ibai Aizpurua Nov. 20, 2023, 1:35 p.m.
Artikulu ederra!!! Neretzat urteko asteburu hoberena izan da! Mila esker denei!