Karta sorta sendoa osatu beharko dugu suntsitutako herrixka berreraikitzeko. PCan jokatu ahalko dugu.
Pyrene izeneko indie roguelike nabarmena irailaren 13an estreinatuko dela jakitera eman dute Two Tiny Dice estudio kanadiarreko garatzaileek. Berezitasun nabarmenena abenturaren girotzean datza: “bideojokoetan inoiz ikusi gabeko euskal mitologiako panteoia” ikusiko dugu.
Gure kondairetatik ondo ezagutzen ditugun Herensuge, Akerbeltz edo Tartalo ageriko dira, horrela, kartak protagonista dituen titulu erakargarri honetan. Izan ere, karta sorta osatzea izango da gure helburu nagusia: lortutako kartekin borrokatuko gara bideetan agertuko zaizkigun izakien aurka.
Taula gainean azalduko zaizkigu gure kartak, baita etsaiak irudikatzen dituztenak ere. Gure pertsonaia taula gainetik mugituz akatuko ditugu arerioak, baina gure baliabideek eskaintzen dituzten hobariak bereganatzea ezinbestekoa izango da bidaia bizirik bukatzeko.
Atanaïa ehiztariaren rola jokatuko dugu. Herensugek bere herrixka suntsitsu du, eskualdera denetariko munstroak eta izakiak ekarrita. Herria berreraikitzeko baliabideak biltzen joan beharko gara espedizioetan parte hartuz; bidean, gainera, desagertutako biztanleak aurkituko ditugu.
Hauen laguntzarekin bidaia bakoitzean lagungarri egingo zaizkigun objektuak eta bestelakoak desblokeatzeko aukera edukiko dugu; ez hori bakarrik, herrixkak bizilagun batzuek espedizioetan parte har dezakete, jokagarritasun mekaniketan aldaketak eraginda.
Proposamen sinplea, baina gatibatzen duten horietakoa. Steam plataforman doako proba kaleratu zuten aspaldi, eta gaur egun deskargatzeko aukera daukagu oraindik: ordu bateko partidan bete-betean murgildu nintzen, eta joko osoan aritzeko grina piztu zitzaidan. Euskal mitologiaren girotzea itzela da, baina Pyrene are gehiago dela ikusten da proban.
Esan bezala, irailaren 13an jokatu ahalko dugu Pyrenen behin betiko bertsioan. Egileek ordenagailuan argitaratzeko asmoa dute bakarrik, oraingoz behintzat.
Iruzkinak