Ion Lizarazu garatzaileak sortutako Twitch euskaraz tresnak kanalak, klipak eta eduki sortzaileak biltzen ditu, bilaketak egiteko iragazkiekin batera.

Twitch plataforman dabiltzan euskal eduki sortzaileen kopuruak hazten jarraitzen du. Zoritxarrez, horiek aurkitzea oso zaila da oraindik. Euskal twitzlarien komunitatea ezagutzera emateko errazteko asmoarekin sortu da Twitch euskaraz tresna interesgarria.

Ion Lizarazu garatzaile sortutako web orrialdeari esker twitzlariak bilatzea eta jarraitzea inoiz baino errazagoa da. Hori guztia ahalbidetzeko hiru atal nagusi prestatu ditu erremintarentzat.

Lehenik eta behin, zuzenean ari diren euskal twitzlariak azalduko zaizkigu orrialdearen azalean. Modu horretara, edozein unetan Twitcheko zuzeneko euskaldunen bat bilatu nahi badugu, Twitch euskaraz orrialdera sartu baino ez dugu egin beharko.

Bigarrenik, euskal komunitateak twitzlarien zuzenekoetako zatiak hartuta sortutako klipak ikusteko aukera dago. Izan ere, Twitchek emanaldietako atal interesgarriak mozteko aukera eskaintzen du; horretaz baliatuta, Lizarazuk bertoko eduki sortzaileen zuzenekoetako momenturik onenak edo esanguratsuenak modu errazean partekatzea ahalbidetu du.

Ez hori bakarrik: klipak iragazteko nahiz ordenatzeko baliabideak ere eskaintzen ditu tresna honek. Hori horrela, kliparen egilearen zein klip horretan azaltzen den streamerraren arabera iragaz daitezke klipok. Gainera, mozterik berrienaren edo ikusienaren arabera sailka ditzakegu.

Klipen sorkuntza sustatzearen aldeko egitasmoa ere abiarazu du Antzuolako garatzaileak: azaleko azken atalean klipen egileak ikus daitezke, gehien sortu dituztenak nabarmenduta. Modu horretara, hauek sortzera bultzatu nahi ditu ikusleak.

Azkenik, nola ez, euskal twitzlarien zerrendarekin topo egingo dugu. Gutarrak deitutako atalean Twitchen euskaraz sortzen dabiltzan streamerrak ikusiko ditugu. Eduki sortzaileoi buruzko informazio orokorra eskaintzeaz gain —bakoitzaren kanalerako sarbidearekin, noski—, hauek Twitcheko afiliatuak diren ikus dezakegu, baita beren emanaldiek zenbat ikustaldi eduki dituzten ere.

Lizarazuk azaltzen duenez, “”posible da hemen streamer euskaldun guztiak ez agertzea, eta agian norbait aktibo ez egotea”. Halere, “noizbait zuzenekoren bat euskaraz egin duen oro zerrendan gehitzeko saiakera egon dela” nabarmentzen du garatzaileak. Twitchen euskaraz ari den norbait zerrendatik kanpo geratu dela ikusiz gero, jakinarazteko eskatzen du antzuolatarrak.

 

Bideojokoak, eta askoz gehiago

Egia da Amazonen zuzenekoen plataforma ezaguna nagusiki bideojokoei zuzenduta dagoela. Horren ondorioz, euskal sortzaileetako asko eta asko mundu honi buruz aritzen direla ikusiko dugu: Athe2403, Ibila87, River_rock, Il4rgi, RekiSab eta beste hainbat dira, adibidez, aspalditik Twitchen bideojokoetan aritzen direla zuzeneko emanaldietan.

Dena den, edozertarako espazioa dago plataforman. Manga zein animea, musika, sumoa edo irratsaioak euskararekin uztartu dituzte Ekintaekin, Kukulumutxun_sumoeuskaraz, Pubguitar eta Naiz Irratia eduki sortzaileek, hurrenez hurren.

#3000Twitz egitasmoarekin euskara Twitcheko hizkuntzen artean inplementatzeko kanpaina abiarazi zuten euskal eduki sortzaileek orain bi urte. Tamalez, Twitchetik ez da erantzunik jaso, baina komunitatea elkartu eta euskara plataformatik hedatzen hasi da azken urteotan: egunero hainbat zuzeneko ikusten ditugu gure mintzairan.

Ekimen hori bultzatzeko emandako azken pausoa da Lizarazuren tresna; elkarlanean abiatutako proiektuaren emaitza.