Euskararen Aholku Batzordeak “Euskararen ingurune digitala. Gomendioak 2021-2024” txostena aurkeztu du Game Erauntsiarekin elkarlanean.

Ingurune digitala osatzen duten elementu eta esparru desberdinetan “euskara bizirik eta bizi egoteko” lerro estrategiak definitu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Aholku Batzordeak prestatutako Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024 bide orrian.

Bertan zehaztutako lau lan-lerro estrategikoen artean aisialdirako ikus-entzunezkoen alorra sustatzeko beharra aldarrikatu dute. Txostena 2016an kaleratutako Euskarazko IKTak: Gomendioak herri agintarientzat dokumentuaren jarraipena da. 

Euskara egunerokotasunean erabiltzen jarraitzeko gaur egun komunikatzeko erabiltzen diren tresnetan sustatzea ezinbestekoa da. Horien artean dago biztanleria gero eta gehiago murgilduz doan eremu digitala: euskarazko Wikipedia, mugikorrak edota streaming plataformak aipatzen ditu txostenak besteak beste. Atal horiez gain bideo-jokoei bereziki zuzendutako atala eskaini diote batzordekoek.

Izan ere, industria honek hazten jarraitzen du. Bideo-jokoen mundu honetan sartzen diren gero eta pertsona gehiago daude; askok ume eta nerabeentzako aisialdirako tresnak soilik direla uste duten bitartean, adin eta jatorri guztietako pertsonek jarraitzen duten esparrua da bideo-jokoena. Gauza bera gertatzen da garatzaile eta estudioekin: bideo-jokoen kontsumoak gora egin ahala horien sormenean lan egiten duten pertsonen kopurua areagotu egin da.

Guzti horien artean aurkitzen dira, noski, euskal hiztunak: Game Erauntsiako komunitatean bildutako zaleekin bideo-jokoetaz gozatzen duten euskaldun kopuru esanguratsua existitzen dela ikus daiteke. Euskal hiztunek bideo-jokoetara jokatu bai, baina ohikoena euskaraz ezin gozatzea izaten da.

Hori horrela, euskara bideo-jokoetan sustatzeko Game Erauntsia Elkartearekin elkarlanean hainbat ekintza eta pauso azpimarratu ditu dokumentuan Euskararen Aholku Batzordeak.

 

Bideo-jokoetan euskara hedatzeko bidea aztertu

Hasteko, ekoizpen eta garapen prozesua hasi duten bideo-jokoen jarraipena egiteko beharra nabarmentzen da, euskaratzeko aukera dutenak identifikatu ahal izateko. Aipatu bezala, bideo-jokoen industria haziz doa, gero eta bideo-joko gehiago kaleratuta. Valve enpresaren Steam saltokian, esate baterako, egunean hamar bat obra berri argitaratzen dituzte garatzaileek. Beraz horiek ezagutzea lehen pausoa izango litzateke.

Azken urteetako ekoizpenak aztertuta nabarmena egin da gero eta euskal garatzaile gehiago saiatzen direla beraien obrak euskaraz argitaratzera: horren adierazgarri dira orain gutxi kaleratutako Itadaki Smash, The Five Covens edota Batu ta Batu, besteak beste.

Euskal komunitateak ere beraien bideo-joko gogokoenak itzultzeko ahalegina egin du: bai Game Erauntsia zein gainerako zaleek gure webguneko euskaratutako bideo-jokoen zerrendan aurkitu daitezkeen lanak euskaratzeaz arduratu izan dira. Ohikoena euskaraz jokatu ahal izateko pauso berezi batzuk jarraitu beharra izaten bada ere, kasu batzuetan jokoen garatzaileak euskara obraren hizkuntza ofizialen artean gehitzera iritsi dira.

Euskaratze prozesua, baina, ez da beste ikus-entzunezko esparru batzuetan izan daitekeen besteko erraza. Izan ere, bideo-jokoak itzultzea testuak hartu eta euskaratzea baino askoz ere prozesu zabalago baten parte dela adierazten du txostenak: obra bakoitzaren gidoi eta mekaniken testuingurua ezagutzea beharrezkoa izateaz gain, programazio jakintza ere eskatzen ohi dute.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako Saileko kideak Donostiako San Telmo museoan, txostenaren aurkezpen ekitaldian. Argazkia: Irekia.

Itzulpenak gauzatu ahal izateko formakuntza ezinbestekoa da hortaz, eta hori ahalbidetzeko bideak proposatzen ditu dokumentuak. Gauza bera gertatzen da bideo-jokoak garatzeko beharrezko formakuntzarekin. Gaur egun jokoen garatzaileek gazteleraz edo ingelesez soilik jaso dezakete formakuntza hau; euskaraz ere berbera egin ahal izateko beharra nabarmentzen dute txostenaren egileek.

 

Euskal garatzaileen lana sustatzea, ezinbestekoa

Hortik abiatuta euskal bideo-joko ekoizleengan eragin zuzena biziko litzateke. Euskal Herriko estudioen merkatua aztertuta garatzaile euskaldunak eta are gehiago, euskara lan hizkuntza modura duten ekoizleak identifikatu eta haien lana sustatzea proposatzen du batzordeak. Estudio euskaldunak bultzatzeko bide bezala software libreko jokoak garatzeko inkubagailu edota bekaren bat bultzatzea aipatzen da dokumentuan.

Esan bezala, dagoeneko badaude beraien lanak euskaraz argitaratzen dituzten garatzaileak. Main Loop, rBorn Games, Zomorro Studio, Crevice Games, Binary Soul, Kaia Studios eta gehiagok hartu beraien bideo-jokoak hainbat plataforma desberdinetara euskaraz iristeko ardura.

Zoritxarrez, kasu askotan egindako lan honek ez du behar besteko oihartzunik ez meriturik jasotzen. Hori aldatzea da lan-lerroaren beste ildoetako bat: Euskal Herrian eta euskaraz bideo-joko euskaldunentzako erakusleihoa sortzea beharrezkoa da. Durangoko Azoka eta Jokoteknia bezalako egitasmoak dagoeneko arduratzen dira lan honetaz, eta horiek indartzea zein beste medio batzuetara igarotzea izango litzateke hau lortzeko bidea.

Euskarazko lanen alde egingo lukeen banatzailea eratzea ere proposatzen da. Izan ere, gaur egun estudioen erabaki propioa izaten da bideo-jokoak euskaraz argitaratzearena. Ez dute hau egiteko inolako laguntza edo sustapenik jasotzen, eta horretara bideratutako banatzaile edo ekoizlea edukitzeak garatzaile gehiagori hau lortzea lagungarri izateko balioko luke.

 

Sortzaileak ez dira soilik garatzaileak

Gaur egungo bideo-jokoen mundua enpresa eta garatzaileengandik harago doa zalantzarik gabe. Nahitaezkoa da eduki sortzaileak eta komunitateak aipatzea bideo-jokoei buruz hitz egiterakoan: Twitch eta Youtube bezalako plataformetan aritzen diren streamerrak zein bestelako eduki sortzaileak mundu honen atal garrantzitsua dira, eta horien artean euskal hiztunak aurkitu daitezke.

Eduki sortzaile euskaldunen ekosistema indartzeko ekimenek horien hedapenean lagunduko luke.

Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024 txostena irakurtzeko, sakatu hemen.