“50 urte aurrerago euskaraz bizitzeko hautua” solasaldia Iruñean egingo da. Euskarak bideojokoen, musikaren edo kirolaren arloan dituen erronken inguruan hausnartuko da.

Elhuyar Fundazioak lau gazte euskaldun batuko ditu euskararekin duten harremanari buruz hausnartzeko. Bihar, martxoaren 31n, Maitane Junguitu Game Erauntsia Elkarteko komunikazio arduraduna, Begoña Garaikoetxea Gaztealdiko kidea, Amets Aranguren Ibil Bedi musika taldeko abeslaria eta Unai Dufur Osasuna futbol taldeko jokalaria izango dira 50 urte aurrerago euskaraz bizitzeko hautua solasaldian parte hartzen.

Gazte hauek euskaraz nola bizi diren, euskara nola bizi duten, zein aukera dituzten eta euskarak beren arloan dituen erronkak azalduko dituzte Iruñeako Katakrak erabilera anitzeko aretoan (kale nagusia, 54, Iruñea). Egitasmoa gidatzeko lana Jaione Carpintero kazetariaren esku egongo da.

Aipatutakoen artean euskarak bideojokoen esparruan gaur egun dituen oztopoak, egin beharrekoak, orain arte burututako aurrerapausoak nahiz etorkizuna landuko dira. Gure zaletasunaz gain musikan, kirolean edo hezkuntzan euskararen erabilerari, egoerari zein helburuei buruz hausnartuko da mahai inguru irekian.

 

50 urte zientzia eta euskara uztartzen

Modu horretara, euskara mota guztietako arloetan hizkuntza bizia dela erakustea izango da egitasmoaren helbura; aldi berean, Elhuyar Fundazioaren 50 urteko ibilbidea gogoratu eta omendu nahi da.

Ekitaldia bukatzeko 50. urteurren horri lotutako ekimen guztietan erabiltzen ari diren kutxa erabiliko da. Solasaldiko parte hartzaileek argazki bat, irudi bat, testu bat, liburu bat, disko bat, iruzkin bat, ohar bat, mezu bat edo beste elementu fisiko bat sartuko dute bertan hemendik 50 urtera Euskal Herriko gizarteari eskaintzeko.

Solasaldia 18:30ean hasiko da Katakraken, eta ia bi orduko iraupena edukitzea aurreikusten da. Ez da beharrezkoa izango izena ematea mahai ingurua entzuteko: deialdia mundu guztiari zabalduta egongo da; hortaz, animatu eta hurrera zaitez!