Eguneratutako diseinua, iragazkiak eta itzulpen proiektuak abian daude gure web orrialdeko atalean.

Game Erauntsia Elkarteak burutzen dituen zereginen artean garrantzitsuenetakoa da, zalantzarik gabe, gure hizkuntzan joka daitezkeen bideojokoen jarraipenarena. Komunitatearen webgunean eskainitako euskal garatzaileek zein bideojokozaleek lokalizatutako bideojokoen zerrendari esker, hauek bilatzeko eta ezagutzeko lana erraztea da helburu nagusia; horrela, edozein jokalari euskaldunek bere zaletasunaz euskaraz gozatzeko aukera dauka. 2014. urtean abiatutako proiektua da: ordutik hona denetariko aldaketak jasan dituen arren, funtzionamendua zein itxura hobetu ahal zirela ikusten genuen. Hori dela-eta, zerrenda zaharberritzeari ekin dioguHemen emaitza!

Diseinua erabat aldatu dugu —nahiz eta aldez aurretik erabiltzen genuen zerrenda itxura manten daitekeen—: erakargarriagoa egiteko asmoarekin irudi bertikalekin apaindu dugu webguneko atala. Horrez gain, euskaraz joka daitezkeen lanen kopurua automatikoki eguneratzen da orain.

Itxura erakargarria edukitzea ezinbestekoa da, argi dago, baina are garrantzitsuagoa da zerrenda baliagarria eta praktikoa eratzea. Hori lortzeko, hainbat iragazki inplementatu ditugu: adibidez, bilatzailearekin horrenbeste maite duzun obra hori euskaraz goza daitekeen egiazta dezakezu. Probatu, agian ezustekoren bat hartuko duzu-eta: azkenaldian Super Mario 64, Outer Wilds, Aragami 2, Inside, Mario Kart 8 Deluxe edo Return of the Obra Dinn bezalako maisulanak iritsi dira zerrendara. 92 tituluk osatzen dute zerrenda albistea idazterako unean, baina adi ibili, laster gehiago gaineratuko direlako!

Ez hori bakarrik: plataforma, genero eta lizentzia mota bidez iragaztea posible da. Horrela, Switch kontsolan soilik jokatuz gero, Nintendo-ren azken kontsolan euskaraz dauden lanak bakarrik bila ditzakezu. Agian, kode irekiko tituluak baino ez zaizkizu interesatzen: horiek ere araka ditzakezu modu errazean.

Euskaraketa motaren iragazkiak ere prestatu ditugu; esan bezala, bideojokoetako batzuk garatzaileek ofizialki euskaratutakoak dira. Beste lokalizazio lan batzuk zaleen komunitateak egindakoak izan arren, bideojokoaren sortzaileek ondoren inplementatutakoak dira, adibidez. Edo, besterik gabe, mod edo romhack bidez instala daitezkeenak ere badaude.

Horien artean desberdintzea garrantzitsua dela uste dugu: agian ez duzu bestelako fitxategirik instalatu nahi, edo nahiago duzu euskaraz lan egin duen garatzaile hori saritu. Hortaz, inoiz baino errazagoa da mota bakoitzeko jokoak bilatzea.

 

Komunitatearen elkarlana sustatuz

Zerrenda eraberritzearekin batera, beste funtzionalitate bat inplementatu dugu Game Erauntsiaren web orrialdean: Itzulpen proiektuak. Hemen duzu adibide bat.

Komunitateak eta zaleek itzulitako bideojokoetan aurki daitezke proiektuen fitxak. Bertan askotariko informazioa bildu dugu: Deskribapen orokorra, jokoa euskaratzeko fitxategiak eta jarraitu beharreko pausoak daude.

Horrez gain, baina, lokalizazioan lan egin duten egileak ezagutzeko aukera dago orain: itzultzaileak azaltzen dira, zuzentzaile rola hartu duten kideak, guztiak ondo funtzionatzen duela ziurtatzeko probak egin dutenak, zein laguntzaileak.

Alde batetik, euskaratzen aritu direnak laudatu eta ezagutzera eman nahi ditugu. Izan ere, egindako lokalizazioak norbere profilean agertzen dira orain: bakoitzean burututako rola ikus daiteke bertan.

Bestetik, itzulpen proiektuetara jende gehiago erakartzeko bidea direla uste dugu; fitxa hauekin errazagoa da lan bakoitzaz arduratzen ari den kidea identifikatzea eta berarekin harremanetan jartzea. Euskaratzeetan lan egiteko nahiz laguntza eskatzeko taldeak ditugula ere nabarmentzekoa da: Telegram zein Discord komunitateetan aurkituko dituzu. Hortaz, jokoren bat itzuli nahiko bazenu, pasa zaitez horietatik. Giro ederrarekin topo egingo duzu.

Ahaztu aurretik! Gure zerrendan aurkitzen den euskaratutako bideojokoren bat ezagutuz gero, jar zaitez gurekin harremanetan, asko eskertuko dugu-eta.

Bukatzeko, proba ezazu gure zerrenda berria, akatsen bat ikusten baldin baduzu abisa gaitzazu, eta, nola ez, goza ezazu euskarazko bideojokoez. Beti bezala, jakin Game Erauntsian beti gabiltzala gure komunitatea handitzeko eta sendotzeko bideojokozale euskaldunen bila. Edozein motatako ekintzekin edo ideiekin parte hartu nahi izanez gero, idatz iezaguzu!