Gure foroko hari honetan Galaipa erabiltzaileak jarri zuen proposamena mahai gainean. Baina ezer esaten hasi aurretik utzidazue joku mitiko honi buruzko deskribapen txiki bat ematen.

Minecraft Suediar lan talde txiki batek sorturiko proiektu bat da, gaur egun Mojang izeneko enpresa batean bildua, baina bideojokoa sortzen hasi zirenean eta proiektu txiki bat besterik ez zenean, hiruzpalau lagun besterik ez ziren.

Bere plataforma sandbox-a da, eta bere helburua… ez dago. Ez dago helbururik? Hori da, ez dago batere :D!
Minecraft-en kuboz sorturiko mundu batean biziko gara (imajinatu Lego pieza askorekin sorturiko mundu bat, ba halaxe), kubo edo bloke bakoitzak bere propietateak ditu, eta kendu eta ipini egin ditzakegu guk nahi dugun bezala. Ez dago helburu nagusirik beraz, eta bat balego: Bizirik iraun, izango litzateke. Munstroak daude (zonbiak, eskeletoak, creeperrak… ) eta munstroak beti izango ditugu atzetik zirikatzen, batez ere gauean.

Beraz, mundu zabal eta amaigabe honetan, norberak sortzen ditu bere arau eta helburuak, dibertimentu gisa. Sinistu, oso adiktiboa bilakatzen den joku bat dela (54 miloi kopia saldu ditu denbora oso gutxian!). Baina hobe beheko trailer honetan (ingelesez dago) zuek zuzenean ikusten baduzue.



Azken aldian baina bestelako berriengatik izan da ezaguna joku hau. Ikusi bestela Microsoft etxeak jokua erosi zueneko afera, zurrumurru kontua zena azkenean egia bihurtu eta 2,5 mila milioi inguruan erosi baitu azken honek jokua.

Baina aurkezpenak alde batera utzita, goazen harira! Lehen esan dudan moduan, Galaipa erabiltzaileak jarri zuen mahai gainean proposamena. Lehendik ere bildua du esperientzia zerbitzari txiki bat jarriz eta honako hau gehitu zuen:

Euskal Herrian jende askok jolasten du Minecraftean, jokua bera euskaraz badago baina zerbitzaririk ez. Plugin asko ere euskaratu nituen
Ekonomikoki zerbitzaria bideragarria izan dadin, 8-10€ko hileko gastu bat (120€ urtean) izango dela estimatzen da. Eta aldi bereko 30 jokalari izan ditzakeela, 30 partida momentu berean alegia. Demangun, 50 pertsonak nahi dugula zerbitzari horretan parte hartu: 0,2€ hilean (urtean 2,4€ ) aterako lirateke bakoitzarentzat.

Hau aurrera eramateko, donazio bidez (paypal kontu batekin), zozketak eginez edota orain horren modan dagoen crowfounding plataformak (karena.eu adb.) erabiltzea proposatu da. Xehetasun guztiak foroan daude.

Oraingoz, Galaiparen minecraft zerbitzari txiki bat martxan jartzeko esperientzia, lagun pare bat eta Game Erauntsiako kideen sostengua dago. Baina ez da nahikoa... Minecraft zerbitzari euskaldunean jolastu eta moderatuko duten jendea behar dugu. Animatzen? Jarri gurekin harremanetan eposta bidez edo erregistratu gure webgunean eta idatzi gure foroan!

Oharra: Minecraft zer den deskribatzeko testu zati batzuk Euskaraz jolasten blogetik hartu dira.