Pokémon Zuria eta Beltza jokoetako 156 piztiak jaso ditu Julen Aiestaranen zerrendak: izenak eta abileziak euskaratuta aurki ditzakegu.
Pokémon unibertsoko bosgarren belaunaldia euskarazko Pokedex proiektura iritsi da. Suguntz, Epurde eta Muraba ez badituzu ezagutzen, Snivy, Tepig eta Oshawott hasierako hirukotearen euskal deiturak dira.
Julen Aiestaran pokezaleak 2023. urtean abiarazitako pokedexa eboluzionatzen eta hedatzen jarraitu du, modu horretara. 156 sakelako munstro dira bosgarren belaunaldiko Pokémon Zuria eta Beltza tituluetan ezagutu genituenak; hauei, gainera, aurretik gehitutako 493 pokémonak gehitu behar zaizkie.
Euskal deiturak, esan bezala: aipatutako Suguntz, Epurde eta Muraba izenak berriak dira, baina ez guztiz asmatutakoak. Pokémonen lokalizazio ofizial anitzetako sistema berbera jarraitzen du Aiestaranek; hau da, jatorrizko izenen etimologiak jarraitzen duten logika mantenduta, suge + huntz batuta Suguntz deitu dio 5. jokoetako hasierako landare piztiari.
Adibideekin jarraituz, Krokoiztur (Krookodile) krokodilo + gaizto + lur hitzak osatuta jaio da euskaraz. Ingelesez, bestalde, crook (lapurra) + crocodile hitzak erabili zituzten; japonieraz, aldiz, warui (gaiztoa) + gavial (krokodiloen familia bat) hartu zituzten Waruvial izendatzeko.
Pokémonen euskaratutako izenak, etimologia eta irudiak aurkituko ditugu Euskarazko pokedexaren zerrenda orokorrean: Zelbat, Elertxi, Gudano, Gentsektu eta beste hainbat prestatu ditu Aiestaranek.
Pizti bakoitzaren gainean sakatuz gero, baina, hauen estatistikak eta informazio orokorra ere irakurri ahalko ditugu gure mintzairan: oinarrizko deskribapenak, estatistikak, eboluzioak, datu orokorrak, gaitasunak, motak nahiz erasoak aurki ditzakegu. Ikaragarrizko altxorra Game Freak-en jokoen jarraitzaile euskaldunentzat.
Alde teknikotik, PokeAPI zerbitzua erabilita Bingen Galartza Game Erauntsiako informatikariak egindako lana nabarmendu gura dugu: irudiak eta informazio orokorra hartuta txertatu dugu pokedexa gure webgunean.
Errabaurotik Gentsektura, 649 pokémon ezagutu ditzakezu euskaraz dagoeneko! Sar zaitez euskarazko Pokedexean guztien berri izateko!
Iruzkinak