Julen Aiestaran zaleak Pokémonak indexatzen jarraitzen du, euskal deiturak eta informazioa gehituz.

Euskarazko pokedexak abian jarraitzen du. Urrian Pokémon frankiziako lehenengo eta bigarren belaunaldiak biltzen dituen proiektua aurkeztu genuen, 251 pokémonekin; orain, hirugarren belaunaldia osatzen duten 135 pokémonak gehitu dira pokedexera.

Julen Aiestaran pokezalea arduratu da, beste behin, sakelako munstroen informazio guztia euskaratzeaz eta inplementatzeaz. Aurrekoekin egin modura, piztien deiturak euskaldundu ditu, pokemonen izenen etimologiak jarraitzen duen logika mantenduz.

Adibidez, Charizard izena char (sugarra) eta lizard-etik (sugandila) dator. Japonieraz Lizardon deitzen da, berriz: lizard + don (dinosauroen izenetan japoniarrek erabilitako atzizkia). Euskaraz, bukatzeko, Muskesu izena jarri dio Aiestaranek: musker + su.

Hirugarren belaunaldiaren inplementazioari esker Zuggeko, Txirta, Axopi, Psibesle, Nagurdin, Erregarta, Lurdar edo Ortsuge ikusiko ditugu zerrendan, besteak beste.

Euskarazko pokedexa ez da, ordea, izenetara mugatzen. Zenbaki ordena jarraituz, pokémon bakoitzaren oinarrizko deskribapena, estatistikak, gaitasunak, motak, datu orokorrak, erasoak eta eboluzioak aurkituko dituzu.

Proiektua eratzeko PokeAPI zerbitzuaz baliatu gara: irudiak eta elementuak automatikoki hartzeko sistemarekin apaindu dugu gure dexa.

Hiru belaunaldi, 386 pokémon! Hasierako lan erraldoia eginda, helburua gainerako sakelako munstroak euskalduntzen jarraitzea da orain.