Rebellionen estrategia joko dibertigarriaren jarraipena datorren urtean iritsiko da PCra.
Superbilauen simulazio jokoen eskasia dago gaur egun, baina Evil Genius 2 hori aldatzeko asmoarekin dator. Estrategia bideojokoak izango dituen ezaugarri zahar zein berriak ezagutzera emateko trailerra prestatu dute Rebellionekoek.
Mundua konkistatu eta nazioarteko herrialdeak kontrolatzea izango da jokalarien helburua Evil Geniusen 2n. Horretarako base sekretuak eta arma hilgarriak eraiki beharra dago. Nola ez, gobernuetako espioiek bilauen lana geldiarazi nahiko dute, eta horretarako beharrezkoa izango da tranpak eta oztopoak ezartzea.
Batzuetan mundua bereganatzeko asmo horiek ezkutuan eraman beharko dira baina. Hori lortzeko base sekretua publikoari zabaldutako kasino batean bihurtu ahalko da, adibidez. Trailerrean azaltzen den bezala, turistak erakartzea lortuta haiek xahututako dirua eskuratu, eta aldi berean espioiak engainatzeko bide aproposa izango da.
Aurreko jokotik itzuliko diren pertsonai batzuk ere aurkeztu dituzte. Espioiei aurre egiteko hiltzaile bereziak edukiko dituzte superbilauek. Langile arruntak ere egongo dira noski, baina bakoitzak bere ezaugarri propioak izango ditu: horiek hobetuta lan zehatz bakoitzerako prestatu daitezke.
Evil Genius 2 PCra iritsiko da datorren urtean Steam bidez.
Iruzkinak