Ordenagailuan merkaturatu zuten iaz sarbide goiztiarrean. Gailu mugikorretarako sortutako lehen Evil Nun abenturaren berregitea da.

Evil Nun: The Broken Mask arrakastatsua kontsoletan estreinatuko da, Keplerians talde irundarrak iragarri duenez. Feardemic argitaletxe europarragaz akordioa abiatu dute PlayStation, Xbox zein Switch plataformetan beldurrezko abentura kaleratzeko.

Kaleratze eguna zehaztu gabe geratu da, ordea. Garatzaileek oraingoz “pazientzia” eskatu dute, “elkarlanak argitalpen data atzeratzea suposatzen baitu”. Izan ere, kontsoletako bertsioak PC-ko behin betiko eguneraketarekin batera merkaturatu nahi dituzte.

The Broken Masken PCko bertsioa joan den urteko urrian estreinatu zen Steam plataforman; halere, sarbide goiztiarrean egin zuen, bi bukaerarekin eta misio gutxi batzuekin. Ordutik hona kapituluak, misioak eta ezaugarriak gehitzen ibili dira Carlos Coronado garatzailearekin batera.

Irundarrek bideojoko osoak mereziko duela agindu dute, denetariko edukiak ekarriko baititu. Ihesaldia, atal guztiz berria eta zenbait berritasun nahiz erronka gaineratuko dituzte datozen hilabeteetan.

Bukatzen dabiltzan abentura 2018an kaleratutako lehen Evil Nun abenturaren berregitea da. Beldurrezko bideojokoen frankiziak sekulako arrakasta eduki du Android zein iOS gailu mugikorretan; abentura originalak 20 milioi deskarga baino gehiago ditu. Antzekoa gertatzen da jarraipenekin: doako titulu motz baina ikusgarriak eratzen dituzte Kepleriansgoek.

Remake-arekin hurrengo mailara igaro nahi izan dute, baina. Mugikorretako obrak atzean utzita atal grafiko erakargarria duen titulu handia sortzera abiatu dira irundarrak; hori horrela, ordainpeko lanaren aurrean gaude.

Evil Nun: The Broken Mask PC, PlayStation, Xbox eta Switch plataformetan kaleratuko da etorkizunean.