Aurretik PCan zein PlayStation eta Xbox kontsoletan argitaratu dute beldurrezko jokoaren berregitea.

Evil Nun: The Broken Maskeko moja beldurgarria Nintendo Switch kontsolara heldu da. Keplerians estudio irundarrak bere lehen bideojokoaren remake-a gailu hibridoan kaleratu du.

Eagle Junior institutura bidaiatuko dugu udalekuetan ondo pasatzeko… edo hori esango digute, behintzat. Heldu bezain laster zerbait oker dagoela nabariko dugu, eta azkar batean arreba Madelinen bisita jasoko dugu, bere mailuarekin batera.

Gure helburua ikastetxetik ihes egitea izango da, bidean galdutako umeak salbatuz; zoritxarrez, ez da batere erraza izango. Jokoari izena jartzen dion apurtutako maskararen zatiak bildu beharko ditugu lehenengo: zatiok puzzleek eta misterioek babesten dituzte.

Zentroa lehen pertsonan esploratzen ariko gara: mapa erraldoian barneratuko da gure protagonista. Adi ibiltzea ezinbestekoa izango da, ordea, moja madarikatua edozein unetan azalduko baita. Amnesia bezalako jokoek hasitako bidea jarraituko du Evil Nunek, ezkutatzen ibili beharko baikara misterioak argitzen ditugun bitartean.

Laguntza jasoko dugu, hori bai: abenturan zehar bildutako baliabideekin hainbat tresna sortzeko gai izango gara, modu horretara moja geldiarazteko.

Abentura hainbat ataletan zatituta dago, eta lortzen ditugun helburuen arabera ihes egiteko bide desberdinak aurkituko ditugu, amaiera anitzak desblokeatuz.

Evil Nun: The Broken Mask sarbide goiztiarrean estreinatu zen 2022 bukaeran. Ordenagailuko jokalariek lehen atalak probatzeko aukera eduki zuten Keplerianskoek hauen iritziak jaso eta jokoa bukatzen zuten bitartean. Abenduan PlayStation eta Xbox kontsoletan merkaturatu zuten 1.0 bertsioarekin batera.

Gailu mugikorretan jokatzen dutenek ondo ezagutuko duten frankizia da Evil Nun. Euskal garatzaileen lehen bideojoko arrakastatsua izan zen, eta ordutik hona hainbat jarraipen kaleratu dituzte; 2018an argitaratutako Evil Nun originalak 50 milioi deskargak gainditu ditu Play Store saltokian.

Lehenengo joko horren berregitea da, hain zuzen ere, The Broken Mask. Esan bezala, Switch kontsolan estreinatu berri da, eta gainerako plataforma nagusietan ere eros dezakegu.