Super Smash Bros. Ultimate borroka lehiaketaren jokoen zerrendatik kanpo geratu da.
Maiatzaren hasieran EVO lehiaketaren arduradunek ekitaldi ospetsuaren formatua aldatuko zutela iragarri zuten. Koronabirusaren eraginarengatik Las Vegasen egin beharreko lehiaketa bertan behera geratu, eta alternatiba digitala prestatzen ari zirela azaldu zuten.
EVO Online izenarekin aurkeztu dute uztailaren 4tik abuztuaren 2ra bitarteko asteburuetan lehiatuko den txapelketa berria. Lehiaketa digitala Dragon Ball FighterZ, Tekken 7, Street Fighter V, Soul Calibur VI, GranBlue Fantasy Versus, Samurai Shodown eta Under Night In-Birth Exe: Late jokoekin osatuta egongo da.
Horiez gain lau txapelketa ireki egongo dira: Mortal Kombat 11 Aftermath, Killer Instinct, Skull Girls 2nd Encore eta Them’s Fighting Herds jokoetara lehiatuko da horietan.
Aipatutako jokoen artean hutsune argi bat nabari daiteke, gaur egungo borroka joko arrakastatsuenetako bat kanpoan geratu baita. EVO Onlinen ez da Super Smash Bros. Ultimateren borrokarik lehiatuko.
Txapelketaren arduradunek ez hartutako erabakiaren zergatia zehaztu, baina ziurrenik Nintendoren jokoak sare bidez jokatzerakoan dituen arazoengatik ezabatu dute zerrendatik. Erabakiak erantzun gogorrak eduki ditu borroka jokoen zaleen komunitatearen aldetik.
Iruzkinak