Komunitatearekin elkarlanean hazi nahi du Ben Hickling garatzailearen bideojoko retroak. Urtebete barru kaleratuko du behin betiko bertsioa.
Poligono urriko atal estetiko retroa, espazio ontziak, tiro mordoa eta etsai nagusi erraldoiak. Hauek aipatuta, argi dago burura etorriko zaigun jokoa SNES-eko Star Fox dela, baina ez: honen oinordekoa izatea bilatzen duen Ex-Zodiac itxurosoari buruz gabiltza. Izan ere, sarbide goiztiarrean joka daiteke dagoeneko ordenagailuetan.
Ben Hickling garatzaileak orain lau urte baino gehiago aurkeztu zuen lehen aldiz shoot ‘em up abentura. Kickstarter kanpaina bidez finantzazioa lortu zuen: 60.000 euro bildu zituen horretarako. Ia hasieratik bideojokozaleen komunitatearen feedbackarekin garatu du, eta orain hori beste maila batera eraman nahi izan du early access fasea abiatuta.
“Sarbide goiztiarrak jende gehiago erakarriko du, are feedback gehiago eskainita, jokagarritasuna, zailtasunaren oreka zein arazo teknikoak zuzentzeko”, dio Hicklingek Valve-n saltokian.
Horretarako, Steameko foroak zein Discord zerbitzaria ikaragarrizko laguntza direla aipatzen du arduradunak. Joko klasikoen estiloa eta jokagarritasuna sentiarazi nahi dituenez, beste jokalarien iritzia oso garrantzitsua dela azpimarratzen du. Aspaldi kaleratutako demora jokatzeko aukera ere badago, Itch.io bidez.
Lehen bertsio ofizial honek sei maila eta sei bonus maila gehigarri dakartza. Garatzaileak dioenez, joko osoak hamabi bilduko ditu; hauek, Star Foxekin gertatu bezala, bide desberdinak nahiz sekretu mordoa edukiko dituzte.
Sarbide goiztiarra bukatzeko urtebeteko epea aurreikusten du Hicklingek. Orduan jokoa ofizialki kaleratuko du, prezioa igota, noski: orain 9 euro inguru balio ditu, baina argitaratzerakoan 15 bat balioko dituela nabarmendu du.
2023an ikusiko dugu beraz Ex-Zodiacen behin betiko bertsioa. Bitartean, esan bezala, jokatzeko eta garatzaileari gure iritzia helarazteko aukera daukagu.
Iruzkinak