Hello to Arms doako eguneraketarekin batera estreinatu da. Arma, etsai eta joko mota berriak gehitu ditu.
Jatorriz Apple Arcade zerbitzurako estreinatutako Exit the Gungeon joan den martxoan PC eta Switcherako merkaturatu ondoren, Dodge Roll garatzaileak PS4 eta Xbox Oneko bertsioak kaleratu ditu azkenik.
Plataforma berrietarako bertsioekin batera eguneraketa erraldoia iritsi dela jakinarazi dute arduradunek: Hello to Arms deitutako eguneratzeak askotariko berritasunak eta hobekuntzak gaineratu dizkio Exit the Gungeoni.
Hasteko eta behin, zaleek suposatuko duten bezala arma eta objektu berriak ikusiko dituzte eguneraketarekin. Horrez gain saltoki berriak aurkituko dituzte Gungeonean. Etsaien aldetik ere berritasunak datoz: Glocktopus izeneko etsai nagusiaren aurka egin beharko da Gungeonetik ihes egiteko saiakeretan.
Jokoak jasandako kexarik handienetako bat konpontzeko asmoz prestatutako Arsenal Mode deitutakoa ere aurkeztu dute. Exit the Gungeonen armak aldatzen doaz munizioa bukatzen doala, eta hurrengo arma ausazkoa da: jokalariak ezin du erabaki zein izango den erabiliko duen arma. Arsenal Modearekin hori aldatu egingo dute, jokalariek nahi beste arma izan eta horien artean edonoiz aldatzeko aukera edukiko baitute.
Eguneraketa guztiz doakoa dela baieztatu dute Dodge Rollekoek.
EtGren jarraipen honek aldaketa handiak dakartza jostagarritasunaren aldetik. Jokalariak mugitzen ari diren igogailu txikietan biziko dituzte tiroketak; horiek plano bidimentsional batean izango dira. Helburua igogailuak hartuta Gungeonetik ihes egitea izango da.
Iruzkinak