Martxoaren 8a laster da eta euskaraz Twitchen aritzen diren emakumeak aurkeztu nahi dizkizuegu
Azken hilabete hauetan asko hazi da euskal Twitch komunitatea, batez ere #3000Twitz kanpainak izandako arrakastaren ondoren. Gaur egun eduki oso orotarikoak ditugu, bideo-jokoak, musika, solasaldiak… Alabaina, Twitchen zuzenekoak egitera animatu diren sortzaile gehienak gizonezkoak diren arren Twitcheko euskal komunitatea indartzeko ezinbesteko lana egin dute emakumeek. Izan ere, guztira sei twitzlari aritzen dira zuzenekoak egiten, oso esanguratsua den kopurua.
Jakina da Twitchek oraindik ez duela euskara gehitu streaming hizkuntzen artean. Hori, hasteko, oztopo handi bat da euskal streamerrak ezagutzeko. Gainera, eduki sortzaile handi eta ezagunak gizonezkoak dira, emakumeek influencer esanguratsuak izateko zailtasunak ditugula dirudien bitartean. Edonola ere, Twitch plataforman aritzen diren euskal emakume guztiak ezagutzeko martxoaren 8aren gertutasuna aukera bikaina eta beharrezkoa dela uste dugu. Hemen dituzue gure sei sortzaileak, banan-banan aurkeztuta.
Nebukaixo
Nebukai (Oiartzun) da euskal streamerren artean denbora gehien daramana zuzenekoak egiten. Bere gaztelerazko kanala 2016an ireki zuen eta Twitcheko partnerra lortu zuen honekin. Euskara hutsean bigarren kanal bat ireki zuen 2020ko udazkenean. Euskaraz bere komunitatearekin bere gauzetaz berbetan aritzen da, baita bideo-jokoetara jokatzen ere.
Plataforman duen esperientzia euskal sortzaileak babesteko erabiltzen du. Esaterako, euskara stream hizkuntza izateko eskaera berak egin zuen eta #3000Twitz kanpainaren antolatzaileetako bat izan zen.
Arkkuso
Arkkuso (Barañain) kazetaria eta mari-saltsera da eta ondorioz, Twitchen halabeharrez saltseatseko saltoa egin zuen. Bere burua anti-gamertzat du bideo-jokoetan oso trebatua ez delako, baina hori ez da aitzakia zuzenekoetan Among Usera, Fall Guys edo modu kooperatiboan bere komunitatearekin partida batzuk ez jokatzeko.
Bere zuzenekoetan normalean solasean aurkituko duzu eta batzuetan gonbidatu bereziak ekartzen ditu bere saioetara, bai eta bideo, telebista saio eta hainbat programa iruzkintzen ditu. #3000Twitz kanpainaren antolatzaileetako bat izateaz gain ekimenaren sustatzailea ere izan zen.
I4rgi
Il4rgi (Oiartzun) Twitchen aritzen den gamer klasikoa dugu. Normalean bideo-jokoetan aurkituko duzu zuzenean ari denean. Gainera, beste streamer batzuen kanaletan partida kooperatiboak jokatzen ere aurkitu dezakezu. Oiartzun Irratian Il4rgiren txokoan aritzen da noizean behin Arguyua irratsaioan bideo-jokoei buruz hitz egiten.
IratiMatelo
Irati Matelo (Oiartzun) orain dela gutxi iritsi da Twitchera baina jadanik jarraitzaile asko dauzka. Twitchlari musikarien taldean kokatu behar dugu, kamara aurrean abestu eta gitarra jotzen duelako. Spotifyn bilatzen baduzu, bere hainbat abesti aurkituko dituzu. Espero dugu laster bere zuzeneko gehiago ikustea.
AioraProbatxoa
YouTubeko eta Twiterreko euskaldun ezagunenetarikoa da Aiora Probatxoa (Anoeta). Twitchen euskaldun komunitatea eratzen ari zenean sortu zuen bere kanala. Probatxoak askotan onartu du YouTube nahiago duela baina noizbehinka bere kanalean zuzenekoak egiten ditu bere jarraitzaileekin solasteko. Hori bai, askotan beste euskaldun twitchlariak jarraitzen aurkituko duzu txatean.
Andromeda2030
Andromeda (Gasteiz) komunikazioan doktoretza bat dauka eta bideo-jokoetan aritzen da bere Twitch kanalean. Normalean XBOXetik emititzen du eta horregatik kamararik gabe ibiltzen da. Beti dio gauza desberdinak egin nahi dituela Twitchen, baina oso lanpetuta dagoela antolatzen hasteko. Game Erauntsia Elkartearen kide da eta #3000Twitz kanpainaren antolatzaileetako bat izan zen.
Euskaraz Twitchen zuzenekoak egitera animatuko zara?
Zerrenda honetan falta bazara, bidali email bat bulegoa@gamerauntsia.eus-era edo sare sozialen bidez bilatu gaitzazu, zu ezagutzeko irrikitan gaude.
Gora euskal emakume twitchlariak!
Iruzkinak