Kirol denboraldiko gidariekin eta zirkuituekin batera Braking Point kanpaina modalitatea ekarriko du Codemasters-en tituluak.
Urtero bezala, 1 Formula frankiziako atal berria iragarri du Codemastersek: F1 23 ekainaren 16an estreinatuko da. Hirugarrenez, Electronic Arts-ekoen aterpean iritsiko da saltoki fisikoetara zein digitaletara.
Nola ez, egungo denboraldiko eserleku bakarreko ibilgailu, gidari eta zirkuitu guztiak bilduko ditu aurtengo bideojokoak. EAtik Las Vegasko sari nagusia zein Qatarko Losail zirkuituan lehiatzen hasiko diren sari nagusia nabarmendu dituzte, besteak beste, berritasun modura.
Izar nagusia, baina, jokalari bakarrarentzako kanpaina modalitatearen itzulera da: Braking Point deitutako istorioak Aiden Jackson eta Devon Butler gazteen ibilbidea jarraituko du Konnersport Racing Team taldean. Pertsonaiak eta erronkak ikusiko ditugu bertan, istorioa ezagutzera emango duten dozenaka zinematikekin batera.
Braking Pointez gain ohiko modalitateak ageriko dira F1 23n: Grand Prix, Time Trial eta offline nahiz online lasterketak biziko ditugu aurtengo atalean. Jarraipen sistema eraberritua aipatzen da prentsa oharrean; jokatu ahala ibilgailuentzako hobekuntzak, apaindurak, jantziak zein kaskoak eskuratuko ditugu.
Gidatzea eta fisikak dira, ordea, lasterketa jokoen ardatzak. Horiek ere berriztatuko eta zainduko dituztela nabarmendu dute garatzaileek: frenatze, azeleratze eta biratze errealistagoak ikusiko ditugu fisika zaharberrituekin. Gainera, F1eko taldeen eta gidarien feedbackari esker aerodinamika eta pneumatikoen euste hobea prestatu ahal izan dituzte.
Esan bezala, F1 23 ekainaren 16an kaleratuko da; hori bai, Champions Edition bertsioa eskuratzen dutenek hiru egun lehenago jokatuko dute. PlayStation eta Xbox kontsoletan nahiz PC-an jokatu ahalko dugu. Ordenagailuen kasuan EA App, Steam eta Epic Games Store saltokietan estreinatuko dute.
Iruzkinak