Azken titulua arrakasta hutsa dela diote EAtik, baina F1 frankizia berrabiatzeko hartutako bidea da. 2027koa joko guztiz berria izango omen da.
Electronic Arts taldeak F1 lasterketa jokoen etorkizunari buruzko informazioa eskaini du webgune ofizialean. F1 26 titulua alboratu, eta, horren ordez, F1 25erako kaleratuko duten ordainpeko espantsioarekin gaineratuko dituzte hurrengo denboraldiko berritasunak.
Hau da, ibilgailuak, gidariak, zirkuituak eta bestelako aldaketak DLCarekin iritsiko dira F1 25era, joko berria argitaratu beharrean. Alde batetik, 25 edizioak “kritikoki zein komertzialki” sekulako arrakasta lortu duela diote arduradunek: orduan, azken atala indartzen jarraitu gura dute.
Ez dute zehaztu noiz estreinatuko den ordainpeko eduki gehigarria, baina datorren urteko maiatz bukaera aldera, aurreko jokoekin egin bezala, ikustea espero da.
Bestetik, etorkizunera begira jarri dira, “frankizia berrabiatzeko une egokia” dela adierazita: F1 27 bideojoko guztiz berria izango dela azaldu dute EAkoek. Denbora estrarekin “jokagarritasun aukera gehiago” gaineratzen dituen, eta “jokatzeko desberdin nabari den” titulua prestatu nahi dute Codemasters estudioarekin batera.
Bitartean, egungo jokoarentzako eguneratzeekin jarraitzen dute: laugarren denboraldia abiatu zuten orain egun batzuk, Survival Challenge izeneko modalitatea inplementatuta.
F1 25 PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan argitaratu zen maiatzean.
Lander Unzueta
Iruzkinak