PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da. Fantasiazko girotzedun mundu irekia, borrokak, erabakiak eta umore mordoa elkartuko ditu Playground Games-ek.

Fable otsailaren 23an kaleratzeko asmoa iragarri dute Xbox-ek eta Playground Gamesek. Xbox Games Showcase emanaldian jokoari buruzko datu berriak eskaini dituzte trailer zinematikoarekin.

Plataformen aldetik berritasun bat ikusi dugu, gainera. Iragarritako PC eta Xbox Series bertsioei PlayStation 5 port-a ere gehitu zaie.

Albion erresumara itzuliko gara, ondo dakigun moduan; oraingoan, Hayley Atwell aktoreak antzeztutako Isabel gaiztoari aurre egin beharko diogula dirudi. Horretarako, gure heroia sortu beharko dugu: editorearekin itxura sortuta, armak eta magiak hautatu beharko ditugu abenturan zehar, denetariko arerioen aurka eginez.

Borrokekin eta abenturekin batera, heroiaren nortasuna eraikitzen ariko gara. Ospetsuak izanik, nahi bezalako lanak eta eginkizunak hartuko ditugu, aberats izateko aukerarekin, hainbat familia osatuz… erabateko askatasuna izango dugu. Erabakiek mundua eraldatuko dute, ordea, txikienetik handienera, gainerako biztanleekin dugun harremana aldatuz nahiz mundu osoan eragina izateraino iritsiz. “Ipuinetako amaiera ez dago bermatuta”, diote egileek.

Aurten estreinatu behar zen RPG abentura, baina duela egun batzuk berandutzea baieztatu zuten egileek. Printzipioz, erabakia ez dute garapen arazoengatik hartu, 2026 bukaerako estreinaldi handi guztiak saihestearren baino —GTA VI tartean egonik, noski—.

2027ko otsailaren 23an plazaratuko da Fable.