Xbox-en eta Playground Games-en mundu irekiko fantasia abentura otsailaren 23an argitaratuko da PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan.
Xboxen presentzia indartsua eduki du Gamescom azoka europarran, eta, bere tituluen artean, Fable protagonista nagusia izan da. Playground Gamesekoek bideo eta jokagarritasun sakonak eskaini dituzte, oraingoan misioen egituran zein borroka mekaniketan ardaztuta.
Albion erresumako Bowerstone hiriburua erakutsi digute, hasteko. Hiri magiko erraldoia eskuz diseinatutako 400 biztanleren etxea dela adierazi dute egileek: bakoitzak beren etxea, lantokia edo zaletasunak edukiko ditu. Hauekin harremantzeko aukerak mugagabeak izango direla dirudi, gure protagonistak lana edo ezkongaia bilatzeko baitauka, besteak beste.
Misioak abiatzerakoan, zinematika landuak eta istorio sakona aurkituko ditugu. Erabakiek, Fablen ohikoa den bezala, berebiziko garrantzia daukate; hartutakoen arabera, gure izenaren eragina aldatu, eta munduan ere eragingo dugu. Bideojokoa bukatzeko 20 bat ordu beharko ditugula aurreratu dute, misio nagusietara mugatzen bagara; iraupena bikoiztera irits daiteke bigarren mailako esplorazioari heltzen badiogu.
Borroketan denbora errealeko dueluak nagusituko dira. Saihesteak edo kontraerasoak erabiliko baditugu ere, soulslike generoko ezpatakadetatik aldenduko dira Fablekoak, kolpe bizkorragoak eta arma desberdinen edo magien konbinazioak gailenduta. Misioak gaindituta nahiz borroketan garaile izanik, abilezia puntuak lortuko ditugu mailaz igotzerakoan, eraso eta magia boteretsuagoak zein erabilgarriagoak eskuratuta: hauek ezartzeko abilezien zuhaitza erakutsi digute.
Gutxi geratzen da Fable estreinatzeko: 2027ko otsailaren 23an helduko da saltokietara —espero baino gehiago, halere, berez aurten estreinatu behar baitzen—. Plataformei dagokienez, PCan eta Xbox Seriesetan ikusiko dugu, baita PlayStation 5ean ere.
Lander Unzueta
Iruzkinak