Lehen egunetik ikusiko dugu Sony-ren kontsolan. Umorea, borrokak eta esplorazioa batuko ditu fantasiazko Erdi Aroan.
Xbox-ek eta PlayGround Games-ek Fable mundu irekiko ARPG abentura udazkenean argitaratuko dela jakinarazi dute. Plataformak ezagutzera eman dituzte: espero bezala, Xbox Series eta PC gailuetan estreinatuko da, baina PlayStation 5 kontsolan ere lehen egunetik jokatzeko aukera egongo da.
Xbox Developer_Direct 2026 aurkezpenaren aterpean egin dituzte iragarpenak, lehen jokagarritasun bideoa eskainita.
Askatasuna izango da nagusi, beste behin, Fable sagan. Haurtzaroan hasiko dugu abentura, eta, gure pertsonaia hazi ahala, erabakiekin eta ekintzekin bere patua bideratzen joango gara. Albion erresuman biziko ditugu abenturak, zelan ez: mundu irekiko fantasiazko mundu ederra eta erraldoia prestatzen dabiltza PlayGroundekoak.
Toki ezagunak berriz bizitatzeko aukerarekin, gidoia ere ohikoa izango da, hasiera batean, behintzat: gure protagonistaren familia harri bihurtuko eta herrixka suntsituko dute munstroek, eta heroi bilakatzeko bideari ekingo diogu, botere magikoak ditugula ezagututa.
Fablen mundu aberatsa lantzen dabiltza: etxeak salerosteko, ia edozein pertsonaiarekin ezkontzeko eta haurrak edukitzeko edo lan desberdinetan parte hartzeko aukera nabarmendu dute egileek, kanpaina nagusiko misio orokorretatik at.
Lionhead Studios-en trilogia originala hartu, baina euren ikuspuntua ezarrita hasi dute bidea Playgroundekoek. Diotenez, Fablen zutabe nagusietako bat “ipuinen girotzearena” da, eta hori mantentzeko erabakia hartu dute. Hala ere, askatasuna nagusi izanik, abentura hasi bezain laster edonora joateko eta edozertan parte hartzeko gai izango gara, istorioa nahi bezala bideratuta.
Borrokak, umorea, esplorazioa, kudeaketa ezaugarriak, RPG elementuak… denetarikoak bilduko ditu bideojokoak.
Fable 2026ko udazkenean kaleratuko da; esan bezala, Xbox Series, PS5 eta PC gailuetan jokatu ahalko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak