Espaziora eramango gaitu lantegiak kudeatzera, erronka desberdinak proposatuz.

Factorio arrakastatsuaren Space Age eduki gehigarriaren kaleratze data zehaztu dute Wube Software taldeko arduradunek: gestioak beste maila batera eramatera datorren espantsioa abuztuaren 21ean kaleratuko dute.

Prestatzen dabiltzan DLCa ia bukatuta badago ere, opor ostean argitaratzeko erabakia “akatsak zuzentzeko astia edukitzeko” hartu dutela diote egileek. Gainera, urtea bukatu aurretik ziurrenik argitaratu beharko duten zuzenketen adabakia garatzeko denbora ere eskainiko die.

Space Age izenak adierazten duen bezala, espaziora joko dugu oraingoan: gure lantegiak bestelako planetetan zein espazio zabalean eraikitzen eta kudeatzen ariko gara oraingoan. Bisitatuko ditugun mundu desberdinek berezko erronkak proposatuko dizkigute.

Adibidez, espazioko plataformetan sortzen ariko garen lantegiak asteroideengandik babesten ibiliko gara; horretarako, defentsak prestatu beharko ditugu, baina ondoren suntsitutako asteroide horrek berrerabiltzeko aukera eskainiko digute. Vulcanus planetan, bestalde, energia geotermikoaz baliatuko gara. Fulgora eta Gleba deitutako beste bi mundutan ere lurreratuko dira gure lantegiak, baita bosgarren gune misteriotsuan ere.

Goratutako trenbideak eraikitzeko aukera edukiko dugu espantsioan, tren sare konplexuak sortzea ahalbidetuz. Bukatzeko, edozein objektu, makina edo ekipamendu motaren kalitatea areagotzeko mekanikak inplementatuko dituzte: mailaz igo ahala, hobekuntza interesgarriak jasoko dituzte.

 

Factorio 2.0

Eduki gehigarriarekin batera Factorioren 2.0 adabakia kaleratuko dutela aditzera eman dute Wubekoek. Doako eguneraketa honek dozena bat aldaketa eta berritasun dakartza.

Trenbide berriak, robot langile adimentsuagoak, likidoen sistema eraberritua eta gehiago agindu dute. Ez hori bakarrik: astero eduki gehiago inplementatzen jarraitzeko asmoa agertu dute.

Factorio 2020an estreinatu zen, jokalarien artean aparteko harrera lortuz: gaur egun Steam plataformako titulurik baloratuenen artean aurkitzen da. Lantegiak sortzen, kudeatzen eta automatizatzen ariko gara, ahalik eta errendimendurik onena bilatuz.