Satellite Scramble-k espaziora eramango ditu Mediatonic-en indaba ezagunak: probak, itxurak eta desblokeatzeko ezaugarriak gehituko ditu.

Fall Guysek indar betean jarraitzen du. Abuztuan doako formatura igaro ondoren, Mediatoniceko arduradunek eraberritutako party jokoaren bigarren denboraldia aurkeztu dute: etzi jarriko dute abian, askotariko berritasunak inplementatuta.

Ohi bezala, girotze berriarekin iritsiko da hurrengo denboraldia. Satellite Scramble izenak ez du zalantzentzako tokirik uzten: espaziora joango gure indabak, proba eguneratuetan parte hartzeko prest.

Hori horrela, minijoko berrien inguruko informazioa eskaini dute garatzaileek: Tiptoe Finale taldekako lasterketa izango da; Starchart-en ibilbide ikusezinak zeharkatu beharko ditugu; azkenik, Space Race-ek orain arteko Gauntlet modalitatea espazioan kokatuko du.

Eduki kosmetikoak ere iragarri dituzte, nola ez: horiek Season Pass berriaren bidez gehituko dituzte Fall Guysera. Itxurak, keinuak eta garaipenak dira denboraldiarekin iritsiko direnak, “100 maila baino gehiago”, garatzaileek diotenez, Itxura berrien artean Spock, Hatsune Miku, Alien-eko Xenomorfoa eta gehiago daude.

Esan bezala, Fall Guysen Satellite Scramble denboraldia irailaren 15ean hasiko da. Jokoa doan eskura daiteke PC-an zein PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletan.