Joko gurutzatua eskainiko dute plataforma guztien artean. PC-ko bertsioa Steam plataformatik desagertu eta Epic Games Store-ra igaroko da.

Mediatonic-eko garatzaileek 2020ko titulu arrakastatsuari buruzko berritasunak agindu zituzten, eta halaxe izan da: Fall Guys ezaguna doakoa izango da ekainaren 21etik aurrera. Free to play formaturako jauzia plataforma gehiagotan estreinatuta egingo dute: Nintendo Switch, Xbox Series zein One eta PlayStation 5 kontsoletara iritsiko da party jokoa.

Zuzeneko luzea egin dute tituluaren arduradunek aldaketa honekin batera etorriko diren ezaugarri berriak ezagutzera emateko. Plataforma berriek dagoeneko PlayStation 4-ko nahiz Steameko bertsioek erabiltzen duten funtzioa edukiko dutela ziurtatu dute: joko gurutzatua.

Hau da, Fall Guysen plataforma desberdinetako jokalariek elkarren artean jokatzeko aukera izango dute; are gehiago, jarraipen gurutzatua ere ahalbidetuko dutela diote Mediatonicekoek. Hortaz, bertsio batean lortutako mailak eta desblokeatutako azalak beste batera eraman ahalko ditugu.

Are interesgarriagoa da, ordea, mailen eta proben editorearen iragarpena. Bai, jokoaren ezaugarri nagusiari eduki gehiago sartzeko asmoa dute garatzaileek, eta horretarako komunitatearen laguntza jaso nahi dute. Xehetasun handirik eman gabe, funtzionalitate hau inplementatzeko asko falta dela diote. Horrez gain, eguneraketen bidez orain arteko proba eta minijoko guztiak bateratu, eta akatsak zuzenduko dituzte.

Zoritxarrez, Steameko bertsioa desagertu egingo dela jakitera eman dute berritasun guztiekin batera; izan ere, Epic Games-ek iaz erosi zuen Mediatonic, eta hasiera batean jokoa Valve-n saltokian mantenduko zela agindu bazuten ere, atzera egin dute. Fall Guys dagoeneko Steamen erosita dutenek bertan izaten jarraituko dute, baina Rocket League-kin gertatu modura, PCko jokalari berriek Epic Games Storera jo beharko dute Mediatonicen lanaz gozatzeko.

Fall Guys doan eskuratu ahalko da ekainaren 21etik aurrera PCan zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan.