Anima zaitez eta sartu gure Discord zerbitzarira doako formatura pasa den titulu dibertigarrira partida batzuk jokatzeko. PC-ko zein kontsoleko jokalariak ibiliko gara!

Agindu bezala, Mediatonic-en 2020. urteko Fall Guys famatura dohainik joka daiteke orain. Game Erauntsian aspalditik gabiltza minijokoen titulu honetara elkarrekin jokatzeko gogoz; hori dela eta, partida batzuk jokatzeko elkarretaratzea egingo dugu igande honetan, uztailaren 3an!!!

GURE DISCORD ZERBITZARIA

18:00etan batuko gara gure Discord zerbitzarian. Bertan hainbat bideojokori zuzendutako txatak ditugu: oraingoan, Fall Guysenean egongo gara. Jakingo duzuen bezala, Fall Guys PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan argitaratu dute Mediatonicekoek eta Epic Games-ekoek; ordenagailuen kasuan, Steam saltokitik kendu dute, baina Epic Games Store plataforman eskura daiteke orain.

PCko nahiz kontsoletako jokalariek elkarrekin joka dezakete joko gurutzatuari esker. Ez dago inolako aitzakiarik, beraz: anima zaitezte eta etorri gurekin ondo pasatzera! Bertan bildutakoan, joko gela bat sortuko dugu eta kodea Discord bidez pasa: Fall Guysen sartuta, “Selector de Shows” atalean sartu eta bertan “Show Personalizados”-en erabili beharko duzue kode hori. Gela bakoitzaren muga 60 jokalarikoa da; hori gaindituz gero, lasai, gela gehiago sortuko ditugu-eta.

Nola ez, gure Twitch kanaletik ariko gara zuzenean: jokatu nahi ez duzuenok Discordeko ahots txatean batuko garenei entzuteko aukera edukiko duzue bertan... baita gure jokaldirik traketsenekin barre egitekoa ere.

 

Euskal bideojokozaleak elkartuz

Modu berean, elkarretaratze hau ahalik eta jende gehien batzeko prestatu dugu: edozein bideojokotara lagunartean aritzeko jendearen bila bazabiltza, gure Discordean zein Telegram taldean proposa dezakezu nahi duzunean.

Azken finean, euskal bideojokozaleen komunitatearen oinarrietako bat horixe bera da: bideojokoez elkarrekin eta euskaraz gozatu ahal izateko txokoa eratzea.

 

20 milioi jokalari

Party jokoaren arduradunek jakitera eman dutenez, Fall Guys doan eskainita eta Xbox nahiz Switch kontsoletara eramanda 20 milioi jokalarien langa gainditzea lortu dute.

Sekulako albistea da Mediatonicentzat, baina ez da ikaragarrizko arrakasta eskuratzen duten lehen aldia; izan ere, ordenagailuetan bakarrik 11 milioi ale saltzea lortu zuten, eta PlayStation Plus harpidetza zerbitzuan eskainitako bideojokorik jokatuena izan da.

Dena dela, jokalari beteranoen artean kexak nagusi izan dira azken eguneraketarekin. Jarraipen sistema guztiz eraldatu dute Mediatonicekoek, eta orain jantziak, apaingarriak zein keinuak lortzea inoiz baino zailagoa dela salatu dute. Ez hori bakarrik: mailaz igotzeko partidak galtzea irabaztea baino komenigarriagoa dela diote jokalariek.

Horrekin batera, eguneraketarekin batera jazotako konexio arazoak ere aipatzekoak dira. Doako formatura igarotzerakoan jokalariek partidak hasteko zailtasunak bizi izan zituzten; dirudienez, oraingoz konponduta daude.

GURE DISCORD ZERBITZARIA

Fall Guys PCan zein PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletan doan dago. Gogoratu, igandean 18:00etan batuko gara euskal komunitateko jokalarien artean norgehiagoka batzuk lehiatzeko!