Azaroaren 10ean estreinatuko da PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan; 2026an Switch 2ra iritsiko da.
Fallout 4ren hamargarren urteurrena ospatzeko bertsio eraberritua iragarri du Bethesda Softworks-ek. Fallout 4: Anniversary Editionek 2015eko oinarrizko bideojokoa espantsio eta eduki guztiekin batuko du “behin betiko” edizioa osatzeko.
Automatron, Far Harbor, Nuka-World, Wasteland Workshop, Contraptions Workshop zein Vault-Tec Workshop espantsioetako kokalekuak, misioak eta istorioak originaleko abenturari gehituko zaizkio, hortaz.
Creation Club-eko 150 mod ofizial ere bilduko direla aipatu dute Bethesdatik: armak, jantziak, armadurak eta bestelako oinarrizko edukiak ikusiko ditugu. Horietako zenbait guztiz berriak izango omen dira.
Iaz egungo plataformetarako eguneratutako bertsioa ikusi genuen —bere arazoekin iritsi zen—: aukera grafiko berriak, akatsen zuzenketak eta PCrako zenbait hobekuntza gaineratu zizkion Bethesdaren abenturari.
Fallout 4: Anniversary Edition berria PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan ikusiko dugu azaroaren 10ean. Hori baino garrantzitsuagoa da, baina, Switch 2ko bertsioa: 2026ra arte itxaron beharko dute nintendozaleek Fallout 4 lehenengoz jasotzeko.
Lander Unzueta
Iruzkinak