Hiru jokalari Left 4 Dead estiloko partidetan ariko da naturaz gaindiko bulegoetan zehar. Udan estreinatuko da PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan.
Remedy Entertainment taldeak FBC: Firebreaken jokagarritasun berria aurkeztu du Future Games Show-aren udaberriko ekitaldian. Control bideojokoaren unibertsoan girotutako tiro joko kooperatiboak irudi ero berriak erakutsi ditu.
Left 4 Dead sagaren antzeko proposamena dakar Firebreakek: FBC erakundeko agenterik onenen rola jokatuta, bulegoan askatutako naturaz gaindiko izakien aurka egin beharko dugu ihesaldi zirraragarrietan. Oraingo honetan hiru jokalariz osatutako taldeak ikusiko ditugu.
Azken bideoan, adibidez, eranskailuz sortutako erronka berezia aurkeztu zaigu. Milaka pegatinagatik ihes egin beharko dugu… baita hauez osatutako munstro erraldoia garaitu. Hori lortzeko, armategi zabala izango dugu eskura: metrailetak, eskopetak eta bestelakoak guztiz pertsonalizatzeaz gain, askotariko tresnak edukiko ditugu eskura, botere bereziak barne.
Umorea zein beldurra uztartzen dituen girotzearekin, aspaldian ahaztuta geratu diren shooter kooperatiboen tokia hartzera dator FBC: Firebreak, hortaz. Atal grafiko ikusgarriari xehetasunez betetako kokaleku misteriotsuak eta istorio bitxia gehituko zaizkio.
Oraindik ez dauka argitaratze data zehatzik, baina udan argitaratzeko asmoarekin jarraitzen dute Remedyko finlandiarrek. Ordenagailuetan eta PlayStation 5 nahiz Xbox Series kontsoletan kaleratuko da.
Iruzkinak