Square Enix-en ARPG saritua urtarrilean jasoko dugu; Naughty Dog taldearen maisulana, apirilean.

Ordenagailuko jokalariek obra maitatuen port-ak jasotzen jarraituko dute 2025ean. The Game Awards sarietan bi iragarpen handi ikusi ditugu: Final Fantasy VII Rebirth eta The Last of Us II Remastered PCan kaleratuko dira.

Alde batetik, Square Enix japoniarrak 2024 hasieran merkaturatutako FFVII Rebirth ARPG bikaina daukagu: urtarrilaren 23an Steam eta Epic Games Store saltokien bidez erosteko aukera egongo da. FF7 klasikoaren berregite proiektuaren bigarren atala da; horrela, Final Fantasy VII Remake Intergrade-k utzitako tokitik jarraituko dugu Cloud, Tifa, Aerith eta gainerakoekin.

Balorazio bikainak eskuratu ditu bai prentsaren, bai zaleen aldetik: mundu zabalean denetariko bizipenak eta esperientziak ikusiko ditugu. Borrokak, minijoko mordoa eta istorio sakona biltzen ditu.

Beste aldetik, Naughty Dog-ek 2020. urtean PS4 kontsolan argitaratutako The Last of Us Part II maisulanaren birmasterizazioa apirilaren 3an merkaturatuko da ordenagailuetan.

Aurten argitaratutako PS5eko bertsioko hobekuntza eta eduki guztiekin etorriko da; hau da, hobetutako atal grafikoari No Return roguelike modalitatea, speedrun saialdiak, galdutako mailak, instrumentuak jotzeko ezaugarria eta beste hainbat eduki gehituko zaizkio. TLoU ere Steam nahiz EGS saltokietan eros dezakegu.