Electronic Artsek bere langileengan “zalantzazko jarduerak” aurkitu dituela iragarri du ohar baten bitartez.
FIFA 21eko arduradunek FIFA Ultimate Team jokoaren baitan sortutako salaketak ikertzen ari direla jakitera eman dute sareetan. Antza denez, loot kaxa erako monetizazio sistema daukan lan horretan futbol jokalari zehatzak erosteko aukera ahalbidetzen ari dira ustez Electronic Artseko langileak izango zirenak.
Joan den astean FIFA 21eko erabiltzaileek salatu zutenez, ustezko garatzaile bati egindako pantaila irudietan Ultimate Teameko futbol jokalarien kartak saltzen dituela ikus daiteke. Modu horretara, erosleek bideo-jokoaren ausazko loot kaxak ekiditu eta zuzenean Ultimate Teameko futbol jokalari onenak eros ditzakete, jokoak ezarritako oinarriak saihestuta.
Polemika piztuta, Electonic Artseko arduradunek salerosketa horiek ikertzeari ekin diote, eta jakitera eman dutenez enpresako langileen artean “zalantzazko jarduerak” aurkitu dituzte. Sarean zehar zabaldutako irudietan 1.000 eurora arteko salerosketak ikus daitezke: diru kopuru horren truke icon edo TOTY kategoriako hainbat jokalari saltzen dira.
“Gure lehen ikerketak erabiltzaile eta produktu kopuru txikia tartean sartzen duten zalantzazko jarduerak azaldu ditu”, adierazi dute EAkoek. “Kopurua txikia den arren, salaketa hauek egia izanez gero jarduera onartezina suposatuko lukete. Gure komunitateko kide konprometituei gure esker ona adierazi nahi diegu arazo hau horren azkar helarazteagatik”.
Ultimate Teamen funtzionamendua hankaz gora jarri du EAGate bezala ezagutzera eman den kasu honek. Izan ere, ordaindu beharreko loot kaxak loteria hutsean oinarrituta daude; jokalariak zuzenean erosi ahal izateak jokoaren oreka hautsi egiten du, behar bezala jokatzen aritu diren jokalariek ordaindutako dirua alferrikakoa bilakatuta.
Arduradunek azpimarratu dutenez jardunbide hauek “ez daude onartuta”, eta salerosketa horiekin harreman zuzena dituzten erabiltzaileen kontuak ezabatu egingo dituztela agindu dute. “Ez dugu artikuluen salerosketarik onartzen jokotik kanpo hainbat arrazoiren ondorioz, gure komunitatearentzat futbol-zelai desorekatu bat sortzeko arriskuarena, esate baterako”.
Iruzkinak