Bosteko ligaxkan aurretik jarritako lau euskal taldeek jokatuko dute finalerdietan. Azken norgehiagokak zuzenean jarraitu ahalko dira.

FIFA21 Euskal Liga azken txanpan sartu da jada. Bigarren fasean bost euskal taldeen ordezkariak lehiatzen aritu dira, eta hau bukatuta horietako lau izan dira finalerdietara igarotzeko aukera irabazi dutenak.

Real Sociedadekin jokatzen zuen Aitorplayer09 partaidea kanpoan geratuta Alaves, Athletic, Eibar eta Osasuna taldeetako ordezkariak izango dira azken fase honetan beraien taldeekin txapeldunak izateko gogor egin beharko dutenak. Asitor19, Iker Zarraga, Unaiamo eta Beñat dira, hurrenez hurren, amaierako fasean jokatuko duten lehiakideak.

Aberri Egunean, apirilaren 4an, lehiatuko da azken fasea bere osotasunean. Lehenengo eta behin finalerdietako bi norgehiagoken bidez erabakiko dira nortzuk izango diren finala jokatuko duten bi partaideak.

 

Finala, zuzenean

Bukaerako fase hau zuzenean jarraitu dezakete bideo-jokozaleek zein futbolzaleek: Hamaika Telebistak emango ditu eta LTD Lurreko Telebista Digitalaren bidez, Euskateleko Telebista zerbitzuaren bidez eta Hamaikaren webgunetik jarraitu ahal izango da Olatz Foruria eta Beñat Zarrabeitia kazetariekin.

Aipatutakoez gain Game Erauntsiaren Twitch kanaletik ere emango ditugu azken norgehiagoka horiek; Euskal streamerren Aste Santurako egitarauaren baitan kokatuko da finalaren emisioa.

FIFA21 Euskal Ligari eskainitako saio berezia 16:00etan hasiko da. Jokatuko den lehen partidan Athletic eta Eibar ariko dira: Iker Zarragak eta Unaiamok finalerako sarbidea lehiatuko dute. Ondoren Asitor19ren Alaves Beñaten Osasunaren aurka ikusiko dugu; irabazleak aurreko partidaren garailearen aurka egin beharko du final handian.

 

Partida bakoitzaren iraupena 20 minutukoa izango da; norgehiagokak bukatzerakoan berdinketa jazotzen bada, penaltien bitartez hautatuko da irabazlea. Talde guztiek 90eko batez besteko kalifikazioa edukiko dute partaideen arteko parekotasuna bermatzeko, orain arte egin bezala.

Azken partida horien inguruko xehetasun guztiak Game Erauntsiaren webgunean prestatu dugun txapelketako orrialde berezian aurkitu daitezke.

 

Lehen euskal e-sports ekimenaren jarraipena

FIFA21 Euskal Liga Gu Ere Bai! egitasmoarekin eta Hamaika Telebistarekin elkarlanean antolatu du Game Erauntsia Elkarteak. Pasa den urtean burutu zen lehen aldiz txapelketa hau, Euskal Herri mailan egindako lehenengo euskal e-sports ekimena izanik; euskara hutsean antolatutako lehiaketa da.

Partaideentzako sariak ere egongo dira: bosteko ligaxkan parte hartu duten lehiakideek Euskal Herriko Selekzioaren kamiseta sorta jasoko dute Gu Ere Bai! egitasmoaren eskutik.