Kontsola guztietan zein PCan ikusiko dugu PS1eko eguneratutako obra. Aldaketa ugari gehituko dizkiote.

Final Fantasy Tactics – The Ivalice Chronicles iragarri du Square Enix-ek State of Play emanaldian. RPG taktiko maitatua egungo gailuetara egokituko du irailaren 30ean.

1997. urtean PlayStation 1 kontsolan estreinatu zen jatorrizko FF Tactics generoko lanik borobilenetakoa da ziurrenik. Hala ere, hobetzeko tartea dago, eta originala hainbat arlotan txukunduko dute birmasterizazioarekin.

Hobetutako bertsioak bikoizketa berria, aldaketa grafikoak, eguneratutako interfazea eta beste hainbat bizitza kalitate hobekuntza jasoko dituela diote egileek. Jatorrizko lanean jokatu nahiko dutenak ere egongo direnez, aldaketarik gabeko bertsioa ere eskainiko dute birmasterizazioaren baitan, asko eskertzen den gehikuntza.

Txandakako borrokak, estrategia, istorio sakona eta gure pertsonaientzako lan mordoa eskaintzen ditu FF Tactics – The Ivalice Chroniclesek.

PlayStation 5, Xbox Series, Switch 2, PlayStation 4, Switch eta PC plataformetan ikusiko dugu irailaren 30ean.