Urtarrilean iritsi zen berregitearen lehen atala Nintendo-ren egungo kontsolara. Hirugarren jokoa, zurrumurruen arabera, lehen egunetik jokatu ahalko da hibridoan.
Square Enix Nintendo Direct: Partner Showcase aurkezpenetik igaro da Final Fantasy VII Rebirthen Switch 2ko bertsioa iragartzeko. Ekainaren 3an estreinatuko da Nintendoren gailuan.
FFVII klasikoaren berregitearen bigarren atala da Rebirth, aurrekoak utzitako unean abiatuz. Horrela, Cloud, Tifa, Barret zein Aerith protagonistak Midgar hiritik kanpo ikusiko ditugu, mundu osoa esploratuz Sephiroth misteriotsuaren bila.
Originalaren JRPG eta txandakako borroka elementuak pixkat alboratzen dituzte berregiteek, horren ordez akziozko RPG abentura bilakatzeko: denbora errealean borrokatuko gara, tartean abilezia bereziak erabiltzeko denbora geldituz. Halere, klasikoaren oinarriak eta ardatzak mantentzen dituzte remake-ek, hainbat ezustekorekin.
Lehen atala, hain zuzen, joan den hilabetean iritsi zen lehenengoz Nintendoren kontsola batera: Switch 2an ikusi genuen urtarrilean. Jatorriz 2021ean kaleratu zen PlayStation 4 kontsolan, baina ondoren beste zenbait plataformetan ikusi dugu; gauza bera gertatu da balorazio bikainak jaso dituen Rebirth bigarren atalarekin 2024. urtean PlayStation 5ean merkaturatu zenetik.
Xbox Series X zein S kontsoletarako bertsioa iragarri zuen, Switch 2koarekin batera, SEk: oraingoz ez du kaleratze datarik jaso, baina hau ere Nintendoren bertsioarekin batera estreinatuko dela pentsa dezakegu.
Final Fantasy VII Rebirth ekainaren 3an argitaratuko da Switch 2an.
Lander Unzueta
Iruzkinak