FFVII Remake Steam-en estreinatu da. Crisis Core PSP-ko jokoaren berregitea ere iragarri du Square Enix-ek.

Final Fantasy VII izanik frankiziaren atalik maitatuenetakoa, bere 25. urteurrena ospatzeko ekimen berezia egin du Square Enixek gaur gauerdian. Bertan era guztietako iragarpen esanguratsuak eskaini dituzte. Garrantzitsuena, FFVII Remakearen bigarren atalari dagokiona da: Rebirth deituko da, eta datorren urte amaieran merkaturatzea aurreikusten dute japoniarrek.

Bideo aurrerapen txiki batekin egin dute iragarpena. Bertan, Cloud protagonista eta Sephiroth arerio nagusia agertzen dira txango batean; ziurrenik, Nibel mendiko flashback bat izango da. Originalaren gidoian aldaketa handiak egitea aurreikusten da: aurreko berregiteak dagoeneko hau aurreratzen zuen, eta orain ere horri lotutako adierazpenak egin dituzte.

Remakearen bigarren atala aurkeztuta, bilduma osoaren inguruko xehetasunak eskaini ditu Tetsuya Nomura zuzendariak: guztira hiru ataletan banatuta egongo den trilogia izango da remakeena.

 

Zack-en itzulera

Hiru atal, baina, jatorrizko istorioa kontatzeko. Are gehiago ikusiko ditugu, ordea; izan ere, PSP kontsola eramangarrirako 2007an estreinatu zen Crisis Core: Final Fantasy VII prekuelak ere berregitea jasoko du. Crisis Core -Final Fantasy VII- Reunion izenpean, PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan zein PC-an argitaratuko dute.

Honen trailerra ere ikusi dugu, xehetasun nahiko aurreratuta. PSPko atal grafikoa guztiz eraberrituko dute, noski —agian ez da beste remakeen parera iristen, Switcherako ere kaleratuko dutela kontuan hartuta—, eta gidoia ere bere horretan mantenduko dutela dirudi. Ez badago ezusteko handirik, behintzat.

Jatorrizko tituluaren borroka sistema berezia ere bere horretan utziko dute: Digital Mind Wave deitutako erruleta ikusten jarraituko dugu eraso bereziak eta bestelakoak burutzeko denbora errealeko dueluetan.

Data ere jakin badakigu: Crisis Core -Final Fantasy VII- Reunion urte bukaeran edo 2023 hasieran estreinatuko da.

 

Kaixo, Steam

Bukatzeko, urteurrenaren ekimena baino ordu batzuk lehenago filtratutako iragarpena daukagu. Final Fantasy VII Remake Intergrade PCra iritsi zen joan den urte bukaeran Epic Games Store bidez; orain, ordea, Steam plataformara ere iritsi da. Dagoeneko Valve-koen saltokian eros daiteke remakearen lehen atala.

Nola ez, Intergrade bertsioak hainbat hobekuntza eta berezitasun dakartza: alde batetik, atal grafikoan zuzenketa batzuk egin dituzte garatzaile japoniarrek. Beste aldetik, Yuffie ninja gaztea protagonistatzat daukan eduki gehigarria ere gaineratzen dio jokoari. Steameko bertsio hau Steam Deck-ean goza daitekeela aurreratu dute: egiaztatutako ikurra dauka eskuko PCan.

25. urteurreneko zuzenekoak hainbat gonbidatu berezi eta iragarpen bildu ditu. Osorik ikusi nahi izanez gero, jarraian duzun bideoan ikus dezakezu: