PlayStation 5ean doako proba jaso du Square Enix-en ARPG desiratuak. Otsailaren 29an kaleratuko da joko osoa.
Final Fantasy VII Rebirth jokatzen hasteko azken egunak falta dira, baina Square Enixek eta PlayStationek RPG abentura maitatuaren berregitearen bigarren atala ezagutzera ematen jarraitzen dute. Tituluari zuzendutako State of Play berezian ARPGaren munduan aurkituko duguna aurkeztu digute.
20 minutuko zuzenekoan trailer zinematikoak, jokagarritasun mekanikak, mapa, pertsonaien arteko harremanak eta askoz gehiago biltzea erabaki dute egileek; izan ere, dagoeneko eskaintzeko duen guztia ikusita geneukala pentsa genezakeen arren, denetariko elementu berriak gaineratuko dituzte berregitean.
Midgar hiritik ihes egin ostean hasiko dugu bideojokoa; zehazki, originalean Gaia mundua bere osotasunean esploratzen hasten ginen unean. Hala ere, berregitearen lehen atalean jokatu zutenek ondo dakiten modura, denetariko aldaketak jasoko ditu FF7k bai istorio aldetik, bai jokagarritasunetik.
Antzinakoen tenplua, Cosmo Canyon, Nibelheim edo Junon bezalako toki ezagunak bisitatuko ditugu berriz, oraingoan, mugarik gabe. Mapa erraldoia erakutsi dute aurkezpenean, eta, diotenez, leku batetik bestera nahi bezala mugitu ahalko gara —gidoiak ahalbidetzen badu, noski—.
Askatasun horrek bigarren mailako misioen areagotzea ekarriko du. Aurreko berregitean hainbat bizi genituen, baina oraingoan kopurua nabarmen haziko da: batzuek istorio originalean ikusitakoak jarraituko dituzte, baina guztiz berriak ere ikusiko ditugu. Hainbat zalek aipatzen duten modura, Yakuza edo Like a Dragon sagako misioen antzeko kutsuarekin datozela ikus daiteke.
Minijokoak ere aipatu behar dira, eta, zelan ez, Gold Saucer jolas parkea. Chocobo lasterketak, motozikleta gaineko borrokak, shoot ‘em up jokoak eta gehiago prestatu dituzte japoniarrek. Parketik kanpo erritmo jokoetan ibiliko gara, baita sakon landuta dagoela dirudien karta joko berrian ere.
Protagonisten arteko harremanak indartzeko mekanikak aipatu dituzte, bukatzeko. Hizketaldien bidez Cloud, Tifa, Aerith, Barret, Cid, Red XIII, Vincent, Cait Sith eta Yuffie protagonistek osatutako taldea hobetu ezagutuko dugu, loturak sortuz. Horiei esker borroketan erabiltzeko sinergia mugimendu eta eraso bereziak desblokeatuko ditugu abilezien zuhaitz berriarekin.
Nola ez, ezin dugu atal grafiko ikaragarria aipatu gabe utzi. Remake-aren lehen atalak sekulako itxura zuen, baina egungo PlayStation kontsolaren indarra erabiliz grafikoak are gehiago hobetu dituztela nabarmendu dute egileek.
Final Fantasy VII Rebirth otsailaren 29an estreinatuko da PlayStation 5ean —laster beste plataforma batzuetan ikusiko dugula dakigu, halere—. Jokatzeko desiratzen dabiltzan zaleek berri onak jaso dituzte, hori bai: doako demoa argitaratu dute PS Store saltokian.
Iruzkinak