Hobekuntza eta eduki guztiekin iritsiko da. Final Fantasy VII Rebirth jarraipena ere ikusiko dugu bi kontsoletan.

Final Fantasy VII Remake Intergrade Switch 2 eta Xbox Series bertsioen argitaratze data zehaztu du Square Enix-ek. Datorren urteko urtarrilaren 22an iritsiko dira bi kontsoletara, PlayStation gailuetatik eta PCtik igaro ondoren.

Cloud, Tifa, Barret, Aerith eta gainerakoen abenturaren hasiera berria da VII Remake. Intergrade bertsioak, gainera, hainbat berritasun eta hobekuntza gehitu zizkion 2021ean: besteak beste, hobetutako grafikoak eta Episode Intermission eduki gehigarria, Yuffie ninjaren atal berezia, jaso zituen.

Berregite titulua egokia da —benetan— FF7 Remaken kasuan. Grafikoak hutsetik egitearekin eta nabarmen hobetzearekin batera, originalaren txandakako borroka sistema alboratu, eta FF modernoen estiloko ARPG mekanikak hartzen ditu. Protagonista desberdinen artean hautatzen eta aldatzen joango gara denbora errealeko borroketan, eraso normalak zein magia boteretsuak erabiliz.

Jokoak ikaragarrizko kritikak jaso zituen PlayStation eta PC bertsioekin, beraz, Nintendoren eta Xboxen erabiltzaileek pozik egoteko arrazoiak dituzte.

 

Berregiteen trilogia, plataforma guztietara

Are pozago egongo dira berregiteen trilogia osoa multiplataforma izango dela jakiterakoan. Final Fantasy VII Rebirth bikaina —iazko jokorik onenen artean kokatu zen— Switch 2 nahiz Xbox Series kontsoletara ere iritsiko da: Squarekoek ez dute zehaztu bertsio berrien argitaratze data. Lehenengo atalaren mekanika guztiak hobetu, mundu zabalagoa zein ikusgarriagoa eskaini, eta, bukatzeko, zaleentzako gidoi benetan interesgarria proposatzen ditu.

Etorkizunera, begira, oraindik argitaratu gabeko hirugarren eta azken atala plataforma guztietara eramateko asmoa daukatela aldarrikatu du Naoki Hamaguchi zuzendariak.

Lehenengotik hasi beharko gara, oraingoz. Final Fantasy VII Remake Intergrade urtarrilaren 22an kaleratuko da Switch 2 eta Xbox Series gailuetan.