Trailer zinematiko ikusgarria prestatu dute. 2023ko udan kaleratuko dute JRPG titulua PlayStation 5 kontsolan.
Square Enixek bere JRPG frankizia handieneko hurrengo atalaren askotariko informazioa argitaratu du. Horri esker Final Fantasy XVI-n ikusiko ditugun pertsonaiak, borrokan ariko diren erresuma desberdinak eta bakoitzak bilatzen dituen helburuak ezagutzeko aukera eduki dugu.
Valisthea lurraldean sei erresuma handirekin topo egingo dugu: Rosaria-ko Dukerria, Sanbreque-ko Inperio Santua, Waloed-eko Erreinua, Dhalmekiar Errepublika, Burdinezko Erresuma eta Crystalline Domeinua. Politika nagusi izango da, nola ez, FF XVI-ko istorioan. Hauek ezagutzeko trailer berezia prestatu dute japoniarrek:
Erresuma hauetako gehienek Eikon bat edukiko dute: ohiko inbokazioak izango dira, Ifrit, Phoenix eta beste hainbat. Hala ere, inbokazioak izan beharrean, oraingo honetan menderatzaile deitutako pertsona garrantzitsuen transformazioak izango dira. Menderatzaile hauek izango dira munduko borrokalari boteretsuenak, baita gidoiko elementurik garrantzitsuenak ere.
Clive Rosfield izeneko gizon gaztea izango da hamaseigarren ataleko protagonista. Bere anaia Joshua da menderatzaileetako bat; Cliven helburua hau babestea izango da. Txandakako borrokak guztiz alboratuko dira berriz FF honetan; horren ordez, akziora bideratutako borroka dinamikoak eta biziak ikusiko ditugu. Argitaratutako trailerrean azkar batean ikus daitezke; baina era guztietako abileziak eta botere bereziak erabili ahalko dira duelu ikusgarrietan.
Menderatzaileen eta beren Eikon izakien aurkako borroka ikusgarriak ere ikusiko ditugu, noski. Buruzagi hauek tamaina ikaragarria izango dute, baina gu ere ahalmen propioez baliatuko gara hauei aurre egiteko.
Hiroshi Takai zuzendariak aipatu duenez, “gutxi geratzen da bideojokoa amaituta egoteko, eta une honetan taldea azken xehetasunak fintzen eta zuzentzen ari da”. Pieza guztiak bere tokian daudela, gauza oso berezia egin dugula esan dezaket”.
Hori horrela, 2023ko udan estreinatuko da Final Fantasy XVI. Printzipioz PlayStation 5eko esklusiboa izango da; ikusteko dago gutxienez ordenagailuetara iritsiko den.
Iruzkinak