Txandakako borrokak eta estrategia bilduko ditu atal berriak. Nintendo Switch 2ko esklusiboa izango da.

Nintendo-k Fire Emblem berria iragarri du azken Direct ekitaldian. Fire Emblem: Fortune’s Weave izenarekin, datorren urtean koliseora eramango gaitu ohiko borroka taktikoak bizitzeko.

Ez dugu informazio askorik jaso, baina girotzea zein pertsonaietako batzuk ikusteko aukera eduki dugu iragarpen trailerrean. Itxura batean, lehen borrokak koliseo barruan biziko ditugu, zirku giroan; oso oker egon beharko gara joko erdi aldera ez bagara handik ateratzen, mundu osoan zehar armadekin aritzeko.

Lauki sareen formatura itzulita, betiko jokagarritasuna ikusiko dugu Fortune’s Weaven: txandakako borrokak, armen triangelua, magiak eta dragoiak zein bestelako piztiak ageriko dira. Heroi desberdinak gidatuz, hauen maila zein indarguneak eta ahulguneak ezagutu beharko ditugu modu eraginkorrenean jokatzeko.

Nintendo Switch 2 kontsolako esklusiboa izango da Fire Emblem: Fortune’s Weave. Arestian aipatu modura, datorren urtean iritsiko zaigu.