2005. urtean estreinatu zen estrategia taktikoa ardatz duen abentura. Ike gaztearena sagako lehen 3D jokoa izan zen.

Bideojoko berria iritsi da Switch 2 gailuko Nintendo Classics zerbitzura: jatorriz GameCube kontsolan kaleratutako Fire Emblem: Path of Radiancen joka dezakete harpidedunek.

Ohi bezala, GameCubeko jokoa izanik, Nintendo Switch Online + Expansion Pack mailako erabiltzaileek soilik ikusiko dute liburutegian.

Ike protagonista zuen abentura 2005ean argitaratu zen. Fire Emblemen ohiko estrategia taktikoa, RPG elementuak eta txandakako dueluak eraberritu zituen garaia izan zen; alegia, sagarekin hiru dimentsioetara jauzi egin zuten, lehenengoz, Nintendokoek.

Heroi eta unitate mota desberdinak gidatu beharko ditugu lauki sarez osatutako mapetatik zehar. Pertsonaia bakoitzaren indarguneak eta armak erabilita, arerioen armada ahalik eta modurik eraginkorrenean garaitzen saiatu beharko gara misio edo atal desberdinetako arauak, erronkak eta helburuak jarraituz. Porrot eginez gero, ordea, gure heroiak betirako hilko dira, kanpainarako galduta.

Balorazio bikainak jaso zituen, jarraipen zuzena bermatuz: Nintendo Wii kontsolan 2008. urtean merkaturatutako Fire Emblem: Radiant Dawn.

Switch 2ko lehen Fire Emblem handia aurten iritsi beharko litzateke: Fire Emblem: Fortune’s Weave iragarri zuen iaz Nintendok egungo gailu hibridorako.

 

Joko gehiago klasikoen bilduman

Path of Radiance ez da izan egunotan Nintendo Classics katalogoak jasotako joko bakarra.

Abenduan GameCubeko Wario World ikusi genuen, alde batetik: Marioren bertsio gaiztoaren lehen 3D abentura handia izan zen Treasure estudioak garatutakoa.

Bestetik, Nintendo 64ko bi joko iritsi ziren, baita, abenduan. Kasu honetan, ez ziren Nintendok garatutako lanak izan. Rayman 2: The Great Escape zein Tonic Trouble 3D plataforma jokoak dira Expansion Pack harpidetzara iritsi zirenak.