Errealitate birtualeko jokoak garatzen adituak dira Wipeout sagaren sortzaileek osatutako estudioan. PlayStation Studios osatzen duen 14. garatzailea izango da.

Sony-koek ez dute atsedenik hartzen. Uda honetan Housemarque eta Nixxes garatzaileak PlayStation Studios osatzen duten familiara gehitu dituztela iragarri dute, eta orain beste estudio baten txanda iritsi da: Liverpooleko Firesprite taldearena, hain zuzen ere.

Askorentzat ezezagunak izango diren arren ez da estudio xumea. 2021an eratuta, 250 bat langilez osatuta dago eta sortzaileak Wipeout bezalako bideo-joko arrakastatsuetan lan egindakoak dira Psygnosis taldearen izenean. Azken urteetan, baina, Firespritekoek errealitate birtualeko jokoak garatzeari ekin diote: beraienak dira The Playroom VR eta The Persistence VR, beste batzuen artean.

Hori horrela, PlayStation VR-en belaunaldi berrirako lanak prestatzeko ardura hartuko dutela pentsa daiteke. “Gure hardwarearen mugetara iristen diren esperientzia ikaragarrien garapenean aparta den anbizio handiko sormen estudioa da Firesprite”, adierazi du Hermen Hulst PlayStation Studioseko buruak blog ofizialean. “Taldearen sormen gaitasun eta trebetasun teknikoak funtsezkoak izango dira gure bideo-joko esklusiboen katalogoa hazi dadin, eta heltzear dagoenaregatik zirraratu egingo zaretela uste dut”.

Graeme Ankers Firespriteko zuzendaria ere mintzatu da blogean: “egun benetan hunkigarria da Firespritentzat, Hermenen eta PlayStation familia osoaren laguntzarekin PlayStation Studiosekin bat egin dugu-eta”. Sonyren taldea osatzen duen hamalaugarren estudioak esku artean duena ikusteko asko falta dela dirudi, halere. “Prestatzen ari garena erakusteko desiratzen gaude… oraindik hasi baino ez gara egin!”.

 

Estudio gehiago etorkizunean?

Aipatutako hiru estudioekin batera, Housemarque bereganatzerakoan Japoniako PlayStationek beste estudio baten logoa ere jarri zuen iragarpenean: Bluepoint Games-ena.

Oraindik bereganatzea ofiziala egin ez duten arren, ez zen harritzekoa izango, PlayStationentzako birmasterizazio eta remake esklusiboetan lan egiten ibili baitira azken urteetan. Beraienak dira iaz argitaratutako Demon’s Souls-en remakea eta Shadow of the Colossusen remakea, besteak beste.