Microids frantziar estudioak Paul Cuisset diseinatzailearekin lan egingo du PC eta kontsoletarako prestatzen ari diren Flashback 2 sortzeko.
Amiga ordenagailuetarako 1992an kaleratutako Flashback ezagunak jarraipena jasoko duela iragarri du Microidsek. Flashback 2 PC eta kontsoletarako garatzen ari dira jatorrizko jokoaren 30. urteurrena ospatzeko asmoarekin.
Informazio handirik eman gabe egin dute iragarpena. Akzioa eta plataformak bilduko dituztela aipatu dute arduradunek, abentura originalean egin bezala; oraingoan ere Conrad B. Hart protagonistaren kontrola hartuko dute jokalariek.
Informazio esanguratsuena Paul Cuisseten itzulerarena da: jatorrizko Flashbackeko diseinaitzaileak jarraipenaren garapen taldearekin elkarlanean ariko da. “Flashbacken jarraipena garatzea aspalditik izan dudan ideia da. Ezin dut itxaron jokalariek Conrad B. Harten abentura berriak ikusteko, orain 30 urte sortu genuen pertsonaiarena”, adierazi du Cuissetek.
Bigarren atalarekin “joko originalaren zaleek gozatzea zein etorkizunean girotutako jokalari berrientzako erakargarriak izatea” da diseinatzailearen helburua. Amigako bertsioaz gain, Sega Megadriverako ere argitaratu zen Flashback. Bere animazioengatik izan zen ezaguna: rotoskopio deitutako animaziozko teknika erabilita mugitzen ziren pertsonaiak, itxura benetan berezia emanda.
Flashback 2 deitzen bada ere, ez da abenturen jokoak jasotako lehen jarraipena. 1995an Fade to Black deitutako bigarren atala kaleratu zuten PC eta PlayStationerako; Flashback Legends izeneko hirugarren atala garatzen hasi ziren baita, eta 2003rako argitaratzea aurreikusten bazuten ere garapena bertan behera geratu zen.
Lehen bideo-jokoaren remakea argitaratu zen gainera 2013an. PC, PlayStation 3 eta Xbox 360 plataformetara iritsi zen, hiru dimentsioko grafikoekin baina jatorrizko lanaren nortasuna eta jostagarritasuna mantenduta.
Flashback 2 datorren urtean argitaratzea aurreikusten du Microidsek.
Iruzkinak